Nafarroako Auzitegiak atzera bota ditu jardunaldia arautzen duen Hezkuntzaren foru aginduaren hainbat artikulu
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin ditu 106/2023 Foru Aginduaren 12.7, 13 eta 14.1 artikuluak eta hirugarren xedapen gehigarria, ez datozelako bat indarrean dauden hezkuntza legeekin.
2024-ko urriak 7
Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuek behin baino gehiagotan salatu dute jardunaldiak arautzen zituen foru agindua mahai sektorialean egiazko negoziaziorik gabe inposatua izan dela. Hezkuntza lege eta araudiekin bat egiten ez zutela sinetsita, iazko abenduan artikulu batzuei helegitea jartzea erabaki zuten. Orain Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio sindikatuari.
NJANk aintzat hartu du STEILASen helegitea eta baliogabetu egin ditu 106/2023 Foru Aginduaren 12.7, 13 eta 14.1 artikuluak eta hirugarren xedapen gehigarria, ez datozelako bat indarrean dauden hezkuntza legeekin, eta aukera eman dio Hezkuntza Departamentuari hilabeteko epean errekurtsoa jartzeko edo Foru Agindu hau berridazteko.
“Hirugarren xedapen gehigarriak, eztabaidagai zen lanaldi motarekin lotura zuzenik izan gabe eta ia oharkabean, egunean zuzeneko irakaskuntza ordu bat gehiago ahalbidetzen zuen, baliabide ekonomiko ez pertsonalik gehitu gabe. Argi dugu irakasleen aurkako murrizketa bat geldiarazi dugula”, iritzi dio sindikatuak.
Errekurritutako beste artikulu batek irakasleen klaustroari egindako kontsulta “ez loteslea” zela adierazten zuen. Epaiaren arabera, organo horrek erabakitzeko eskumena izan behar du ikastetxe eta ordutegiari buruzko gai garrantzitsuetan.
Azkenik, foru aginduak jasotzen zuen jardunaldi zatitua ez zen beste jardunaldi baten aldeko bozka erroldaren 3/5etara heltzen ez zen kasuetan, prozesua bukatutzat ematen zela. “Horrela, hainbat Eskola Kontseiluri hezkuntza komunitatearentzat garrantzi handikoak diren gaietan erabakitzeko ahalmena ebatsi zitzaion. Beraz, Hezkuntza Departamentuak Lege Organiko bat urratu zuen, ikastetxe horietan bozketa prozesuak geldiarazi baitzituen”, dio STEILASek.
Nafarroako irakasleen lorpentzat jotzen du sindikatuak NJANren epai honen ebazpena. “Alde batetik, eskola jardunaldiari buruzko araudietan ezkutuko murrizketak geldiaraztea lortu dugulako; bestetik, Klaustroari berea zen hitza eta erabakitze ahalmena aitortu dizkiogulako; eta azkenik onartzen duelako ikastetxeetako Eskola Kontseilua dela, azken batean, hezkuntza komunitatearen organo gorena, garrantzi bereziko prozesuak bertan jorratu behar direlako”.
Epaia, lehen esan bezala, oraindik ez da irmoa, eta Departamentuak aurreratu du helegitea aurkeztuko duela. Hala eta guztiz ere, STEILASek uste du badela garaia “Departamentua berriro ere eser dadin Nafarroako irakasleon ordezkariekin negoziatzera, eta iaz hezkuntza komunitate osoari egindako azken kontsultaren emaitzak ikusita (familia bozkadunen % 85,13k aldaketaren alde egin zuten), familienganako gutxieneko enpatia izan eta lehenbailehen lardaskeria juridiko hau konpon dezan”.