Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aroztegiko epaia berretsi du eta talde kriminalaren akusazioa baztertu
Nafarroako Justizia Auzitegiak joan den irailean jakinarazi zuen Aroztegiko auziaren epaia: «obrak geldiarazteagatik eta indarkeria delituagatik» zigortu zituen zazpi auzipetuak, baina alde batera utzi zuen talde kriminalaren akusazioa
2026-ko urtarrilak 14
Iturria: Erran.eus
Auzitegiaren epaiaren ondotik, proiektuko enpresek -Hotel Palacio de Arozteguíak, Palacio de Arozteguíak eta UGEPeko Konpentsatzio Batzordeak- erabakia errekurritu zuten. Baina Auzitegi Nagusiak gaur jakinarazi duenez, enpresen helegitea alde batera utzi du eta irailean hartu zuen erabakia berretsi du. Beraz, zazpi auzipetuen zigorra mantenduko da: 5.850 eta 9.900 euro arteko isun ekonomikoak, baina kartzela zigorrik gabe.
Epaiaren errekurtsoan, enpresek talde kriminalaren akusazioa mantentzea eskatu zuten, argudiatuz leporatutako gertakariek argi erakusten dutela «auzipetuen borondatea delitu gehiago egiten segitzeko, proiektua inoiz gauzatuko ez dela segurtatzeko».
Horren aitzinean, Probintzia Auzitegiak erantzun du «bideraezina dela errekurtsoa onartzea eta absoluzio epaia ezeztatzea entzunaldi publikorik egin gabe, non akusatuari, egotzitakoa egin izana ukatzen duenak, entzun beharko zitzaion». Gainera, sententziak enpresen argumentua ezeztatu du, «epaiak frogak oker baloratu zituela» erraten duena.
