“Nafarroako araudia lehenbailehen aldatu behar da administrazioak euskaraz lan egin dezan”, dio Kontseiluak
Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu hezkuntzako LEPeko euskarazko postu guztiak, Afapna sindikatuaren helegite bat aintzat hartu eta gero, eta baliorik gabe utzi ditu Lan Eskaintza Publikoan euskarazko eskakizunarekin ateratako ehun postuak.
2016-ko azaroak 11
Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazio auzietarako aretoak adierazi du Hezkuntza Departamentuko lantalde organikoan hizkuntza baldintza zehatzik ez dagoela eta, hortaz, Lan Eskaintza Publikoan euskarazko postuak eskaintzea lantalde organikoaren aurkakoa dela.
Auzitegiaren erabakiaren aurka helegitea jartzeko aukera dago orain. Nafarroako Auzitegi Nagusiak Afapna sindikatuak aurkeztutako helegite bat aintzat hartuz hartu du erabakia. Hain zuzen, 2016ko otsailaren 10ean foru dekretua argitaratu zuen Nafarroako Gobernuak, euskarazko hezkuntzako ehun lanpostu eskainiz: hamar heziketa fisikokoak, hamar musikakoak, hogei pedagogia terapeutikokoak, 25 ingelesekoak eta 35 euskarazkoak.
Afapnak argudiatu zuenez, Nafarroako Gobernuak, LEP horretan hizkuntza eskakizunak ezarriz, ez zituen bete lantalde organikoan ezarritako irizpideak. Izan ere, lantalde organikoaren irizpideetan ez da zehazten zein lanpostutarako behar den euskara jakitea.
Afapnaren arabera, bete gabeko postuak poltsa bakarrean daude; zehaztapen bakarra da maisu-maistrak edo Bigarren Hezkuntzako irakasleak diren. Dekretuak, ordea, bete gabeko postuak euskararen eta gaztelaniaren arabera bereizi zituen. Auzitegiak ebatzi duenez, bereizketa hori ez dago lantalde organikoaren irizpideetan.
Lan deialdi batean euskara eskatzeak arrakala eragin zuen Nafarroako Gobernuan. Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuela-eta, lanpostu batzuk atzeratu egin zituen Hezkuntza Departamentuak otsailean: denak euskarazkoak.
Kontseilua, legea aldatzearen alde
Paul Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusiaren aburuz, “lehen balorazio gisa, eta epaiaren edukia sakon aztertzeko betarik izan ez dugun arren, azpimarratu behar dugu epaia euskararen garapenaren eta euskaraz hezteko eskubidean galga berri bat jarri nahi dela. Are gehiago, kontuan hartuta euskarazko 100 pertsonen lanpostua ezbaian jarri dela.”
Horrekin batera, Bilbaok azaldu du “harritu egin gaitu epaian 29/2003 Foru Dekretuaren zenbait artikulu erabili izana horren erabaki garrantzitsua hartzeko. Hortaz, Gobernuak berandu baino lehen bertan behera utzi beharko luke aipatu Dekretua, horrelako erabaki judizalak ahalbidetzen dituelako.”
Kontseiluak Aldaketaren Gobernuaren lehen urtearen balorazioa egin zuenean, aderazi zuen orain berretsi duena, alegia, 29/2003 Dekretua bertan behera utzi behar dela eta Nafarroako administrazio osoak euskaraz lan egin ahal izateko araudia osatu behar dela, lehenbailehen.
“Are gehiago, hemendik eta hilabetera nafarren arteko berizkeria eragiten duen Euskararen Legeak 30. urteurrena egin behar duela kontuan hartuta, bada garaia euskararen corpus juridikoa goitik behera aldatzeko” gaineratu du Bilbaok.
Bide horretan, Nafarroako Gobernuak eskutik ditu araudian aldaketak egiteko ahalmena, eta gizartearen eta euskalgintzaren babesa, ekainaren 4an zein beste hainbatetan euskalgintzak eta herritarrek adierazi izan dioten moduan.