Nafarroako alderdi politiko eta sindikatu gehienek presoen eskubideak errespetatzea eskatzen diote Espainiako Gobernuari

Babes politiko eta sindikal oso garrantzitsua eta zabala jaso du Etxerat, Sare, Salhaketa eta Altsasu Gurasoak bultzatzen duten SOS Presoak Covi19 manifestuak. Nafarroako sindikatu guztiek egin dute bat eskariekin: ELA, CCOO, UGT, LAB, STEILAS, ESK, HIRU, CNT, CGT-LKN, SOLIDARI eta EHNE. Geroa Bai, Eh Bildu, Podemo-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra ere batu dira presoen eskubideen aldeko aldarriei.

2020-ko maiatzak 19

“SOS Presoak Covid19” manifestuak babes anitza eta zabala jaso du. Salhaketa Nafarroak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoak plataformak eta Sare Herritarrak elkar hartuta abian jarri duten kanpainaren emiatzak gaur aurkeztu dituzte. Alderdi eta sindikatu gehienen babesaz aparte, hainbat elkarte eta kolektiboen atxikimendua ere jaso dute. Manifestu honekin dei egin diote Espainiako Gobernuari presoen eskubideak errespetatzen dituzten neurriak har ditzala COVID-19ari aurre egiteko.

“Orain, itxura denez osasun krisia beste fase batean sartu, eta konfinamendua arintzen hasia delarik, berriz exijitu nahi diogu Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari presoen eskubideak errespeta ditzala eta deskonfinamendua aske dagoen gizartean egiten den aldi berean eta irizpide berberekin egin dadila kartzeletan ere”, esan dute.

Espainiako Gobernuari eskatzen diote Covid19aren kutsapenaren aurrean bereziki ahulak diren taldeetako presoak berehala askatzea: 65 urtez gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta haurdun dauden emakumeak edo haiekin batera kartzelan preso seme-alabak dituztenak. Eskatzen dute, halaber, aske utz ditzatela zigor laburrak dituztenak, alarma egoeraren aurretik ere irteteko baimenak zituztenak eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak.

Egia bada ere berriz hasi direla familiako eta gertukoekiko komunikazioak, kristala tarteko, bai eta espetxeetako baimenetako irteerak ere, bi kasuetan baldintzatuta daude, mugikortasunerako ezarritako mugak bete behar baitira nahitaez (probintziatik ez ateratzea). Horren ondorioz, zigorra bere jatorritik urrun dagoen kartzela batean betetzen ari denak ez du praktikan bisitarik jasoko, ez eta baimena hartzeko aukerarik izango ere. Horregatik eskatzen dute salbuespen gisa baimena eman dadila joan-etorri horietarako, presoek ateratzeko baimena izan dezaten eta familiakoek eta gertukoek bisitak egin ditzaten.

“Urgentea da oraindik ere Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak legea betetzea eta behar diren neurriak hartzea preso dauden guztiek erroturik dauden tokitik gertuen dagoen espetxean bete dezaten zigorra”, esan dute sakabanaketa politikaren amaiera eskatuz.

Deseskalatze planean jasotzen da, orobat, kartzela barruko jarduerak hasi behar direla berriz, eta hala da joan zen ostegunaz geroztik. Iruñeko kartzelan, ordea, ez dira oraindik berrezarri jarduerak, eta elkarte batek ere ez du baimenik bertara sartzeko. “Kalean aukera baldin badago lan jarduerak eta zeregin sozialak betetzeko, ez dago arrazoirik kartzelan horiekin ez hasteko behar diren osasun neurriak hartuta”, esan dute.

Borondate politiko kontua dela diote manifestuaren sinatzaileek, eta gogoratu dute garai hauetan “inoiz baino gehiago, borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren esanetara egon behar” duela, baita presoen kasuetan.


Patxi Ruiz presoekin kezkatuak

Patxi Ruiz presoaren egoera ere kontutan hartu dute Salhaketa, Sare, Etxerat eta Altsasu Gurasoak. “Kezka handiz bizi dugu Patxi Ruiz presoaren egoera. Salbuespenezko espetxe politikaren ondorioa” dela salatu dute. “Holako gertaerak ez gertatzeko mendekuan oinarritutako espetxe  politikarekin amaitu behar” dela aldarrikatu dute.

Gehiago