Nafarroa osoan zehar “guztion ikurren alde” sinadurak bilduko dituzte uda honetan

Guztion Nafarroan Guztion Ikurrak taldeak 10.000 sinadura bildu nahi ditu Herri Ekimen Legegile bat martxan jartzeko Nafarroako ikurren erabileran "herritarren erabaki demokratikoa eta aniztasunaren errespetua bermatuko duen Foru Lege proposamena sustatzeko".

2014-ko ekainak 19

Guztion Nafarroan Guztion Ikurrak herri ekimen legegileko sustatzaileak hurrengo hilabeteetan, beharrezkoak diren sinadurak bildu ahal izateko burutuko duten udako kanpaina aurkeztu zuten Iruñean

Nafarroako herritarren %5-aren sinadura behar dute (5000 inguru), lege proposamen hau Nafarroako Parlamentuan aurkeztu ahal izateko. Hala ere, 10.000 sinadura lortzeko helburua markatu dute.

"Gure intentzioa da sinadura mahaiekin Nafarroako geografia osoko ahalik eta herri gehienetara heltzea. Mahiak jarriko ditugu herriz-herri uda osoan zehar. Eskualde guztietara behintzat helduko gara", adierazi zuten egindako agerraldian. Erakusketa bat ere eramango dute joanen diren lekueetara. Erakusketa honen helburua, HEL honen beharraz "kontzientzia sortzen laguntzea" da, izan ere, "ikurrinak, Nafarroako ikurrak eta beste zenbait askatasun ikurrek sorreraren" azalpena egiten du erakusketa honek, arreta berezia jarriz, guztiek "historikoki pairatu duten jazarpenari".

 

Ikurriña, etengabe jazarria Nafarroan

Zentzu honetan, gogoratu zuten UPN-PSNk 2003ko ikurren foru legearekin "jazarpen hori berritu" egin zutela. "Herritarrek bere egiten dituzten ikurrak debekatu edota bere egiten ez dituztenak inposatzea ez da zilegi, ez da bidezkoa eta ez dugu onartzen", azpimarratu zuten.

2003. urtean onartutako sinboloen legearen ondorioz ikurrina etengabe jazarria izan da nafar lurraldean, eta babes zabala duen herrietatik zigor gogorren mehatxupean kenduarazi dute. "Legeek ez lukete herritarren eskubideak murriztu edo zanpatzeko tresna izan behar, eskubide horiek zabaldu eta bermatzeko tresna baizik", esan du Eneko Compains, Guztion Nafarroan Guztion Ikurrak ekimenaren partaideak. "Nafarroako ikurren erabileran herritarren erabaki demokratikoa eta aniztasunaren errespetua bermatzeko Foru Lege proposamena sustatzera goaz".

 

Erakusketaren egutegia eskualde eskualde

  • Ekainak/ junio 23- Uztailak-julio 13:IRUÑEA-IRUÑERRIA

  • Uztaila /julio 14-20: Baztan Bortziri Malerreka.

  • Uztaila / julio 21-27: Lizarraldea.

  • Uztaila / julio 28- Abuztua / Agosto 3: Erribera

  • Abuztua / Agosto 4-10: Tafallaldea.

  • Abuztua / Agosto 11-17: Laitzaldea.

  • Abuztua / agosto 18-24: Ultzamaldea

  • Abuztua / agsto 25-31: Ekialdea

  • Iraila / septiembre 1-7: Izarbeibar.

  • Iraila / septiembre 8-14: Sakana.

Gehiago