Nafarroa Bizirik Nahi Dugu manifestua berritu dute Nafarroako eragile sozial eta sindikalek
Duela 8 urte, 2011. urtean, hainbat erakundek dokumentu bat sinatu genuen aldarrikatzeko hainbat ardatz eta oinarri ingurumena, lurralde antolaketa eta garapen ekonomikoari heltzeko orduan. Geroxeago, 2017ko ekainean, berriz ere kalera atera ginen Nafarroako Gobernuak hartua zuen norabidea salatzeko.
2019-ko maiatzak 20
Beste behin ere, egungo egoera larriak berriz jendaurrean agertzera behartzen gaitu. Gizadiak ezagutu duen inoizko krisialdi ekologikorik larrienaren aurrean gaude. Horrekin batera, krisi ekonomiko eta sozial gogorra jasaten ari gara. Zantzu guztien arabera presio hauek gora egingo dute datozen urteetan, kudeaketa kapitalistaren eskutik. Etekinen harrapaketa itsuak natura suntsitu, bizi-baldintzak okerragotu, desberdintasunak areagotu eta zaintza-beharrak alboratu egiten ditu.
Nafarroako Gobernuek (Erregimenarena eta Aldaketa ordezten duenarena) eta Madrilgoak, kapitala, desarrollismo eta heteropatriarkatuaren logika jarraitu dute, ondoko proiektuak bultzatuz eta jarraituz:
Prestazio handiko Trena (AHT), Etxabakoizko PSISarekin batera.
Castejongo zentral termikoak eta Goi Tentsioko Lineen egitasmoak (Itsaso eta Frantzia aldera Pirinioak zeharkatuz).
Baztango Aroztegiako egitasmo urbanistiko-espekulatzailea.
Nafarroako ubidea eta Itoizko urtegia, Esako urtegiaren handitzea, erreka kutsatuen egoera (esate baterako, Arga Iruñeatik Aragoi ibaiarekin bat egin arte) edo Lokizko akuiferoa eta Valdegako gehiegizko ur erauzketa.
Bardeetako tiro poligonoa.
Meategi proiektuak: Geoalcali (potasa ustiatzeko), Magna, edo harrobiak (Urdazubi, Aldatz,…).
Imarkoaingo Hondakinen Makroplanta edo El Culebrete plantaren egoera.
Aire-kutsadura eta kutsadura elektromagnetikoa.
Transgenikoak eta agroindustria.
Goraipatu nahi dugu Nafarroan zehar, herri eta eskualde ezberdinetan, sortu den herri-indarra proiektu guzti hauek zalantzan jarri eta erantzunak antolatzeko, beste eredu ekologiko eta sozialaren alde, egungo eredu ekonomiko harrapakaria gainditze bidean. Herri mugimenduak eta herritarrak gai izan dira alferrikako proiektuak gelditzeko eta aldaketa errealetarako proposamenak aurkezteko, aktiboki parte hartuz hitzaldiak eta mobilizazioetan edo desobedientzia ekintzen bidez,…
Ikusiak ikusi, uste dugu 12 lan ildo hauen beharra bizi-bizirik dagoela beste molde batez natur-baliabideak kudeatu, arrazoizko lurralde antolaketa taxutu eta ingumenarekiko errespetua gauzatzeko, baita herritarren ongizatea, berdintasuna eta erabakitzeko eskubidea bermatzeko ere. Prentsaurreko honetan talde politikoei ondoko beharrak azaldu nahi dizkiegu, hurrengo gobernuak bere egin ditzan:
1. Informazio zehatza eta zorrotza behar da. Beharrezkoa da ere gizartea trebatzea sakonki ezagut ditzan aurrean ditugun erronka larriak.
2. Eztabaida sozialerako parte-hartze markoak sortu behar dira, alternatiba ezberdinak aztertu eta egokienak aukeratu ahal izateko.
3. Espekulazio inmobiliarioa errotik moztu, beharrezko diren neurri legalak indarrean jarriz.
4. Energia kontsumoa murrizteko planifikazio argia eta ekoizpen eta kudeaketarako sistema demokratikoa indarrean jarri behar da. Proiektu eolikoak neurrian garatu, publikoak, kooperatiboak eta sozialak bultzatuz pribatuen ordez.
5. Inolako onura sozialik ez dakarten eta kostu ekonomiko eta ekologiko izugarria duten makro-azpiegiturak gelditu.
6. Hondakinen kudeaketa arduratsua egin behar da, sorreratik hondakinak murrizteko eta, erakunde publiko zein gizartearen inplikazioaz, berrerabilera eraginkorra bultzatu eta konpostajea bermatzeko.
7. Gizartearen beharretatik eta baliabide naturalen tamainatik urrun dagoen neurrigabeko kontsumo mailari mugak jarri.
8. Uraren kultura berria bultzatu, ura baliabide mugatutzat jo eta ondare gisa kontserbatzeko diren printzipioak jarraituz, eta eskaintzaren handitzea alboratuz.
9. Ondare kulturalak, materialak zein inmaterialak, aniztasun kulturala islatzeaz gain, aurreko belaunaldiekiko lotura eta jarraipena bermatzen du. Ezinbestekoa da berau kontserbatzea eta babestea.
10. Nekazaritza eta abeltzaintza estentsiboa defendatu eta bultzatu, lurrari lotua, tokian tokiko ekoizpen eta kontsumo markoak sortuz, elikadura burujabetzaren oinarriekin bat egiteko.
11. Komunalen defentsa egin, lurraldearen kudeaketan tokian tokiko komunitatearen parte hartze zuzena sustatuz eta bere erabilera balioa lehenetsiz.
12. Babestutako espezie eta espazioak defendatzeko konpromiso irmoa, berauek defendatzeko legeen etengabeko urratzeari bukaera emanez.
Planifikazio demokratikoa, arrazional eta humanoa behar da proposamen guzti hauek bildu, lurraldearen oreka gorde eta “oinatz ekologiko” positiboa bilatzeko, azken urteotako lurralde antolaketa politikak sorturiko txikizioari buelta emateko helburuarekin.
Agiri hau sinatzen dugunok azaldu nahi dugu gure uste osoa eta borondatea gorago aipatutako lan ildoak aurrera eramateko, elkar lagunduz, praktika kolektiboen bidez. Jarraituko dugu proposamenak, erantzunak eta mobilizazioak artikulatzen, kalean zein ideien eztabaiden eremuan, eskubide sozialak eta ingurumenekoak ezbaian jartzen dituzten proiektu antiekologikoen kontra, mugagabeko hazkundea eskatu eta soilik elite ekonomiko, enpresariala eta politikoa mesedetzen dituztenak.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 17a