Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka

Urriaren 21etik azaroaren 8ra bitarte Errigoraren saskiak eskatzeko aukera izango dugu.

2015-ko urriak 20

Beste urte batez egin dute bat Sortzen, AEK, Zazpiak Bat, Ikastolen elkartea eta Errigorak Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina aurkezteko. Beste urte batez eman nahi digute Nafarroa hegoaldeko baratza dastatzera, milaka birika euskarari puzka jarriz.

Nafarroa hegoaldeko kalitatezko produktuez osatutako saskia eskaintzen digute 50 euroren truke. 15 ekoizlek arreta eta maitasunez ondutako produktu sorta. Horixe da, kanpainan parte hartzea erabakiz gero, hartuko duguna.

Baina ariketa honek norabide bikoitza du. Izan ere, keinu berean, hartu ez ezik, eman ere egingo dugu. Batetik, bertako ekoizpenari bultzada emango diogu -15 ekoizleren atzean dozenaka langile eta ehunka nekazari baitago- eta, bestetik, saskiaren balioaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko da.

Honi dagokionez, aurtengoan diru ekarpena ondorengo hiru proiektuetara joango da:

  • Lodosa eta Vianako ikastolen biziraupenera
  • Erriberako AEKra
  • D eredua Nafarroa osora hedatzeko ekimenetara

Orain arteko kanpainetan, euskararentzako 300.000 euro biltzea lortu dute. Guztion esku dago zifra hau potolotzen joatea. "Izan ere, Errigora zerbait bada, ehunka lagunen borondatezko lanari eta ilusioari esker da. Auzolanari esker. Zure inguruan kanpainaren berri eman eta sare sozialetan kalaka ematen aritzen zaren horri esker; zure herri edo auzoan kanpainari hauspoa ematen diozun horri esker; auzolanean kutxak muntatzen aritzen zaren horri esker eta, nola ez, saskia eskatzen duzun horri esker".

Gehiago