Nafar hegoaldeko produktuak Euskal Herriko eskoletako jantokietara Errigoraren bidez

Errigorak Nafarroako hegoaldeko 7 ekoizleen produktuak Euskal Herriko 20 eskoletako jantokietara eramanen ditu datorren ikasurtean. Ekimen honek elikadura burujabetza, euskara eta auzolana sustatzea du helburu.

2023-ko ekainak 2

“Harreman iraunkor eta egituratuak sortzen ari gara euskal lurraldeen artean”, dio Errigorak. “Bertako produktuen ekoizpena sustatzen ari gara, modu planifikatuan”, eta aldi berean, euskara sustatzen dute ekoizleen artean eta kontsumo ohituretan. “Eta taldean arituz bai ekoizleen aldean eta bai jantokien aldean eta denak aldi berean auzolana elikatzen eta asmatzen ari gara”, azpimarratzen dute.

Horrela, datorren ikasturtean, zainzuriak, piperrak, olioa edota barazki ezberdinak Cascante, San Adrian edota Arroitzetik Lekeitio, Bilbo, Amaiur edota Beasainera bidea hartuko dute, 20 eskoletako jantokietan dastatuak izateko.

“Errigoraren baitan aritzen diren ekoizleetatik 7k parte hartzen dugu elkarlan honetan, jantokietarako formatu eta eskaintzan egokitzapenak eginik. Euskal Herrian, Ager eremuko baratzetan soilik diren produktuak eta jantokien beharren neurriko kantitateetan ekoiztutako produktuak zaku, latoi eta bidoietan prestatu ditugu. Errigora Balioak berme ziurtagiria dutenak guztiak”, azaldu dute Oiartzunen egindako aurkezpenean.

Eskaintza eta banaketa amankomunean eginen dira, eta horrek kostua jaitsiko du. Bestetik, jantokien eskariak ezagututa, ekoizleek aurreikuspenak egiteko modua dute eta horrela adibidez, orain, datorren irailetik hasita urte beterako aurreikuspenen araberako ekoizpena antolatu ahal izan dute.

Gehiago