Nafar Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren haur eskoletako euskarazko plaza kopuru murritza eta zokoratua salatu dute
Familia askorentzat, euskarazko eskaintza hurbilik ez izateak euskararen aldeko hautua egitea zailtzen du, Haur Eskoletako Gurasoak plataformaren hitzetan. Plazak murriztuak eta iparraldeko auzoetara zokoratuak izan direnetik zailtasun hori nabarmenagoa dela salatu dute.
2020-ko urriak 28
Haur Eskoletako Gurasoak plataformak grafikoki erakutsi nahi izan du Iruñeko euskarazko haur eskolen banaketak euskarazko plazak nahi dituzten gurasoei sortzen dien arazoa. Zabaldu duten kartelean ikusten den bezala, euskaraz murgiltze ereduko haur eskola bakarra gelditu da Txantrean. Eredu mistoko 3 daude, Sanduzelaien, Arrotxapean eta Alde Zaharrean. Gainerako 12 haur eskoletan erdarazko ereduak ezarriko dira, eta Iruñeko mendebaldean hasi, hegoaldetik pasa eta ekialdeko auzoetaraino doan eremuan “euskaren basamortua” osatzen dute.
Plataformak gogora ekarri du Nafar Gobernua dela Iruñeko 5 haur eskolen arduraduna eta 2 haur eskolek baino ez dutela euskara plaza bakan batzuk besterik eskaintzen, bertako bi lerroetako batean. Iruñeko udalak, berriz, 11 dira kudeatzen dituen haur eskolak. Oraintxe hasita dagoen zikloaren bukaeran, ikastetxe bakarra izango da murgiltze ereduan eta beste batek euskal eta erdal adarra edukiko ditu.
Haur eskoletako Gurasoak plataformak euskara eskubidea dela aldarrikatu du. Irmoki lerrokatu dira murgiltze ereduaren alde, “euskara benetan ikasi eta bizitzeko aukera bakartzat” jotzen baitute.
Aurki biltzekoa den Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoari eta Nafar Gobernuaren Gizarte Zerbitzuei eskatu die bazterkeria geografikoa alde batera uzteko eta mapa berri baten diseinuan lan egiteko. Plataformaren ustez “familia bakoitzaren auzoan ez bada, ondokoan euskaraz matrikulatzeko aukera ezin digute ukatu. Ez da erreza hiria punta batetik bestera zeharkatu behar izatea 0-3 urteko umeentzat euskarazko plaza bat lortzeko. Gure kontaktuen artean badauzkagu kontziliatu ezinda etsita gaztelerara jo behar izan duten familiak”, ohartarazi dute.
Plataformak, era berean, 0-3 zikloan hezkuntza euskalduna nahi duen edozein familiari deia luzatu dio haiekin kontaktuan jartzeko email posta honen bidez: hegurasoak.harrera@gmail.com.