Murtziako espetxera martxa egin du AAEAMk Patxi Ruizekin elkartasunez
40 pertsona inguru joan dira Euskal Herritik Patxi Ruiz euskal preso politikoari elkartasuna adierazteko Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak antolatutako martxa batean.
2020-ko uztailak 11
Maiatza eta ekaineko hilabeteetan agerian gelditu da herri presiorik gabe kartzelaren opakotasuna eta kartzelarien zigorgabetasuna are gehiago hazten direla. Harresien beste aldera gertatzen dena kartzela barruan gelditzen da kanpoan gaudenok horren salaketa egiten ez badugu.
Kartzelak, inor “birgizartzeratzeko” erremintak izatetik urrun, pertsonen borondatea eta izaera apurtzeko tresna dira, langileria zanpatuta eta herriak zapalduta mantentzeko burgesiaren kontzentrazio-esparruak. Eta preso politikoen kasuan, kartzelak neurri bereziak hartzen ditu militante hauek asimilatzen saiatzeko.
Kartzeletan sarritan praktikatzen da tortura zuzena presoei zuzendutako irainen, mehatxuen eta jipoien bidez. Tortura kronikoa, ordea, etengabea da, horretarako izaera hiltzailea duten neurri eta lege multzoa sortu dituztelarik. Patxi Ruizen borrokak kartzelaren gordintasuna azaleratu zuen, eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak borroka horren lekukoa hartzeko konpromisoa hartu zuen, ezein presok berriz bere bizitza jokoan jartzeko beharra ez izateko helburuarekin.
Baina kartzelaz hitz egiten dugunean, sarritan ardurak estalita gelditzen dira, hauen existentzia eta erabilpenetik eta haien biolentziatik inork probetxu ekonomiko eta politikorik aterako ez balu bezala. Euskal Herriaren kasuan, Espainiako eta Frantziako Estatuak dira euskal langileria oro har, eta bereziki Patxi Ruiz bezalako militante politikoak bahituta eta etengabeko presio psikologiko eta fisikopean mantentzearen arduradunak. Horretarako torturak eta gehiegikeriak babesten eta justifikatzen dituzten kazetariak, espetxe-politika kudeatzen duten politikariak, torturatzaileen zigorgabetasuna ziurtatzen duten epaileak, Murcia II kartzelakoa bezalako medikuak eta Jesus Hernandez Zuzendaria bezalako psikopatak behar ditu sistemak.
Horregatik gaude gaur hemen, Patxiren eta gainontzeko presoen kontrako erasoen arduradunak seinalatzeko eta amnistia aldarrikatzeko. Hauteskundeak izango dira bihar Euskal Herriko zati batean, baina alderdietako bakar batek ere ez du langileak zapaltzen eta erailtzen dituen kapitalismoarekin bukatzeko ezta herriak okupatzen eta desagerrarazten dituen inperialismoa deuseztatzeko alternatibarik planteatuko, baizik eta sistema eta miseria berbera kudeatzeko moduari buruz eztabaidatuko dutela.
Haietako batek ere ez du helburu hauen alde borrokatzeagatik errepresioa jasaten dutenen amnistia aldarrikatuko. Herriak kalean egiten duen indarra eta presioa izango dira egoera iraultzeko gakoa. Herri borrokaz amnistia, independentzia eta sozialismoa.