Mugimendu feminista eta pentsionisten aldarrikapenek tokia izango dute Iruñean ospatuko den Aberri Egunean

Joan den igandean Larrabetzun ospatu zen Independentzia Egunaren arrakastaren ondoren, Independentistak Sarearen hurrengo erronka apirilaren 1ean Iruñean ospatuko den Aberri Eguna izanen da.

2018-ko martxoak 22

Larrabetzuko ekimenarekin burujabetzaren beharra eta premia jarri nahi izan dute mahai gainean Saretik. Euskal Estatu burujabea irudikatzeko ahaleginean eragile eta mugimendu desberdinekin burutu zuten lanak bere fruituak eman zituela ziurtatuz, “Euskal Herriaren etorkizunari buruzko ekarpen oso interesgarriak landu” zirela ere aipatu dute.

Orain, “Larrabetzutik Aberri Egunera joateko” deia egiten diete euskal herritar guztiei, “mundu osoari adierazteko inolako kanpo inposaketa eta injerentziarik gabe, geure etorkizuna askatasunean, demokrazian eta justizia sozialean eraiki nahi dugula, eta horretarako burujabetza osoa behar dugula ezinbestean”.

“Burujabe hobe” leloak Larrabetzutik Iruñeara egingo du bidaia, Aberri Egunean ere diskurtso politikoaren elementu zentrala burujabetza izango baita, Larrabetzukoari kontzeptu batzuk gehituz: “Menpekotasunetik askatasunera. Burujabe hobe!”.

Sarearen hitzetan, “burujabetzaren ordua da”, eta ildo horretan “Euskal Estatu demokratiko eta soziala eratu eta Euskal Errepublika aldarriakatzea” da helburua. Prozesu hori bultzatu eta bermatuko duen subjektu soziala metatu eta aktibatzea dela gakoa uste dute,  “menpekotasunetik askatasunera jauzi egiteko”.

Azken bolada hontan euskal gizartea astindu duten bi fenomenok ere tokia izango dute Aberri Egunean iragarri dute. “Pentsionisten mobilizazio erraldoiek eta martxoaren 8ko eztanda feministak ilusio eta itxaropen berriak biztu dituzte gure artean, eta bi mugimenduotako ordezkariek hitza hartuko dute manifestazioaren amaierako ekitaldian”, esan dute.

Manifestazioa Sarasate Pasealekutik irtengo da 12.00etan eta, erdiguneko hainbat kaletan zehar ibili ondoren, toki berean amaituko da. Bertan egingo da ekitaldi politikoa. Datorren astean kaleratuko dute egun osoko egitarau zehatza.

Gehiago