Mozal Legea erabiliz kazetari bat zigortu du lehen aldiz Ertzaintzak, Hala Bedikoa
Maiatzaren 18an Gasteizko Errekaleor auzoko argia mozteko operazioan, zuzenean informatzen ari zen Hala Bediko kazetari bat isuna jarri dio Ertzaintzak. Eusko Jaurlaritzaren Poliziak kazetari baten aurka Mozal Legea erabiltzen duen lehen kasua da. Isuna desobedituko duela dio Hala Bedik, “lege injustuak desobeditzeko herritarrok dugun legitimitatearen” izenean.
2017-ko uztailak 27
Mozal Legea ezarri dio Ertzaintzak Hala Bediko Mikel Saenz de Buruaga kazetariari Errekaleorreko argi mozketaren jarraipena egiten ari zela. 602 euroko isuna jarri diote Mozal Legearen artikulu kritikatuenetako bat erabiliz, 36.6. Artikulu horrek ondorengo jokabideak zigortzen ditu: “polizia agenteen aginduak desobeditzea edo identifikatzeari uko egitea”.
Ertzaintzak artikulu hau erabiliz 941 isun jarri ditu 2015eko apiriletik, 2016ko abendura bitarte. Esku artean ditugun datuen arabera, kazetari eta hedabide baten lana zigortzeko Ertzaintzak Mozal Legea erabiltzen duen lehen aldia litzateke.
2016ko ekainaren 22an, Eusko Jaurlaritzak Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuen ARGIAko kasuaren harira. Ordutik, ordea, Ertzaintzak botere politikoaren agindua desobeditu eta, Mozal Legea eskuan, ehunka dira ezarri dituen isunak.
Maiatzaren 18ko gertakariak
Gasteizko Errekaleor auzo autogestionatuko argia moztu zuen Iberdrolak maiatzaren 18an. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren aginduei jarraituz, Iberdrolako langileak Ertzaintzako dozenaka agentez babestuta azaldu ziren auzora. Asmo horietaz jakitun, Errekaleorreko bizilagunak erresistentziarako prest zeuden goizean goizetik, eta Hala Bediko pare bat kazetari ere Errekaleorren ziren Ertzaintza eta Iberdrolako langileak heldu aurretik, han gertatuko zenaren berri lehen eskutik emateko.
Geroago iritsi ziren kazetariek ez zuten han gertatu zenaren inguruko informazioa behar bezala emateko aukerarik izan, ertzainek auzora sartzea eragotzi baitzieten.
Hori dela eta, Hala Bedi izan zen, bi kazetarien lanaren bidez, lehen eskutik kontatu ahal izan zuen hedabide bakarra. Gainerakoak Ertzaintzak ezarritako lerroaren bestaldetik ikusi eta kontatu behar izan zuten.
“Badakigu zeintzuk zareten, badakigu erradikalen ingurukoak zaretela”
Hala Bediko bi kazetariak beren lana egiten ari ziren bitartean, ertzainetako bat hurbildu eta haien kontra kolpeka eta bultzaka hasi zela salatu zuten. Kolpe horien ondorioz, Hala Bediko Mikel Saenz de Buruagari kazetariari sakelako telefonoa apurtu zioten, ARGIAn informatu genuenez.
Kazetariak orduan, prentsa txartela erakutsi eta identifikatzeko eskatu zion ertzainari. Ahalegin askoren ondoren, ertzainak bere plaka zenbakia jakinarazi zion kazetariari eta, gaztelaniaz, ondorengo hau esan zion Hala Bediko kideari: “Badakigu zeintzuk zareten, badakigu erradikalen ingurukoak zeretela”.
Hala Bedik orduan gertatutakoa salatu zuen. Bi hilabete geroago Mozal legea ezarri dietela jakinarazi dute.
Gasteizko irrati libreak salatu duenez, horretarako argudio faltsuak erabili behar izan dituzte: “Ertzaintzaren esanetan, zigorra kordoi poliziala apurtzeagatik eta ertzainen aurka egiteagatik da; gezurra da eta ez dute frogarik gainera”.
Tamalez, diote, Hala Bedik une horietaz zuen froga grafiko bakarra ertzainak suntsitu zuen, ertzainak kazetariari apurtu zion mugikorrarekin grabatutakoa ezin izan baitute berreskuratu.
Desobeditzeko legitimitatea
Hala Bedik zigorrari modu kolektiboan erantzutea eta isuna ez ordaintzea erabaki du. “Lege injustu bat den heinean, hau desobeditzeko legitimitatea daukagula uste dugu”, adierazi dute. Isunari helegitea jarriko diotela iragarri dute.
Errekaleorren Ertzaintzak izandako jarrera “oztopatzailea” ere salatu nahi izan dute Gasteizko irrati libreko kideek. Kazetariak albistetik urrunduz informatzeko eskubidea urratu zuelako Polizia autonomikoak: “herritar guztiok dugu gure inguruko gertaerei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, horregatik, ez zaigu bidezkoa iruditzen Errekaleorrera hurbildu ziren kazetariei auzoan gertatzen ari zena kontatzeko aukera ukatzea”.
Orduko erasoa eta oraingo Mozal Legearen isuna, Ertzaintzaren gehiegikeriak ezkutatzeko asmoz hartu dituzten neurri bidegabeak direla azpimarratu dute.