Mobilizazio berriak iragarri dituzte pentsio duinak eta burujabetasuna aldarrikatzeko
Pentsionistak Martxan eta Sasoia elkarteek pentsio duinak bermatzeko burujabetasuna aldarrikatzen dute, eta apirilaren 22an eginen duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Bestaldetik, apirilaren 16an Iruña, Altsasu eta Lizarran eginen diren kontzentrazioetan parte hartzeko deia ere egin dute.
2018-ko apirilak 13
PSOEren gobernuak, eta geroztik, PP-ren Gobernuak egin dituen erreformen ondorioz, pentsioak galera handiak pairatzen ari direla salatu dute. “Baldintzak zaildu dira, pentsioak konputatzeko aldia haundit u da, indize berria,… Indize honen ezarpenak dakar pentsioek balio berria hartuko dutela aurrekontu egoeraren arabera; pentsioen eros ahalmena ezin izango da bermatu, Kontsumo Etorkizunean urteko hazkundea % 0,25koa izango da…”
Pentsioak etorkizunean murriztu daitezen egin duten beste urratsetako bat jasangarritasuna faktorea ezarri izan da. 2019.urtetik aurrera ezarriko da, eta pentsionisten ustez “bizitzeko itxaropena handiagoa denez, pentsioei “zuzenketa” bailitzan “zuritu” nahi dute, nahiz eta berez, pentsioen murrizketa batez ari garen”. Hori egiteko, bizitzeko itxaropena handiagoa denez, urte gehiagotan kobratuko dela erabiltzen dute aitzaki gisa.
“Begi bistakoa da ondoratzen ari direla egungo estatu mailako sistema publikoa; horrengatik uste dugu Estatuaren Administrazioa Zentralari lotuak irauteak (kutxa bakarrari lotuak egoteak alegia) zigortzen gaituela erabateko pobreziara. Ez dago inolako bermerik pentsiodunok duintasunez bizitzeko, urte luzez kotizatu ondoren”, ziurtatu dute.
Gero eta premiazkoa ikusten dute “gizarte aldaketa, ekonomikoa, kudeaketa berria, diru sarrerei, gastuei eta aberastasuna banatzea”, Madriletik etengabe datozten “pentsio murrizketa latzak” alboratuz.
Madrilgo eta Nafarroako Gobernuari ulertarazi nahi diete gutxieneko pentsio duina ezartzearen beharra, duintasunez bizitzeko oinarrizko eskubideak, botere publikoek bermatu behar dituztela. “Gure ustez, gutxienengoa, duina ezarri behar da; Europako Gutun Sozialean jasotzen diren irizpideen arabera, 1080€-takoa izan beharko litzateke. Kopuru horretan finkatzen da txirotasuna gure lurraldean”, esan dute.
Pentsio duinak eta burujabetasunaren aldeko mobilizazioa, apirilaren 22an
Burujabetzaren aldeko bidea egin behar dela ere azpimarratu dute, “etorkizunean bertako sistema bermatu nahi bada”. Langileria, emakumeak, gazteak eta pentsiodunak mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte, eta apirilaren 22an eguerdiko 12etan Iruñeko Udaletxe plazatik abiatuko den manifestazioaren hitzordua zabaldu dute. Martxaren leloa “Hemen eta orain. Gutxiengo pentsioa 1080 €koa. Publikoa eta bertako den Pentsio Sistemaren alde” izanen da.
Beste aldetik, datorren astelehenean, apirilak 16an, Pentsionistak Martxan, Iruña, Altsasu eta Lizarran, Koordinadora Estatalak deitutako kontzentrazioetara joateko deia egiten dute.