Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko epea zabalik

2024-ko irailak 18

“Eta euskaraz egiten badugu?” lelopean, hasi da dagoeneko, Mintzapraktikako izen-emate kanpaina Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Beraz, ikasturte osoan zehar, zaletasun ezberdinen bueltan euskara praktikatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.

8.000 lagun inguru mugitzen ditu egitasmoak bai aurrez aurre eta baita online ere. Antolatzaileek, egitasmoaren aurkezpenean horrela azaldu dute bere funtzionamendua: “Euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat, hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gaien inguruan mintzatzen dira partekatzen duten denbora tarte horretan. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da”.

Egitasmo honek, hogeita hamar urte bete ditu, eta azpimarratu dute gaur egun ere, aukera erakargarria izaten jarraitzeko, eraldatzeko, moldatzeko eta eboluzionatzeko behar duela izan. “Pandemia garaietan onlinera egin zuen salto Mintzapraktikak eta horrek, mugak hautsi zituen munduan zehar sakabanatuta dauden euskaltzaleei ere euskara praktikatzeko aukera zabalduz. Poliki-poliki, egitasmoak beste behar batzuk asetu eta eremu berriak konkistatu ditu, geroz eta hartzaile anitzagoengana iritsi asmoz” gehitu dute.

Mintzapraktikaren antolatzaileek, egitasmoak Euskararen erabileran egiten duen ekarpena azpimarratu nahi izan dute. Izan ere, pertsona askori hiztegia bereganatzen, segurtasuna irabazten eta beldurrak uxatzen laguntzen diela diote; poliki-poliki bere egunerokotasunean euskara erabiltzera animatuz.

Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko interesa duen pertsona orok, bere herriko euskara elkarte edo euskaltegira jo dezake, dauden taldeak ezagutzeko edota talde berriak proposatzeko. Bestela, www.mintzalaguna.eus orrialdean ere badago izena emateko aukera.

Gehiago