Militantzia feminista baterako proposamena aurkeztu du Ernaik

Ernaik, bi urteko barne prozesu eta eztabaiden ondoren, militantzia feminista baterako hausnarketa eta konpromezuak biltzen dituen "Urrats Feminista" izendatutako liburuxka aurkeztu du.

2024-ko ekainak 17

2022an, Ernairen III. Kongresuaren ondoren, eraldaketa feminista emateko prozesua martxan jarri zuten. Bi urteko prozesua izan da, zeinari “Urrats feminista” izena jarri diote. Prozesu honetan, talde eta antolakunde bezala, hausnarketa ariketak egin eta horien baitako konpromiso zein erabakiak hartu dituztela azaldu dute Ernaiko kideek. Feminismoa, mundua eta sistema eraldatzeko gaitasun izugarria duen mugimendu eta pentsamendu politiko bezala definitu dute; beraz, horretarako abiatu dute Urrats Feminista, diotenez, gazte antolakundearen eraldaketa gaitasuna bideratzeko.

Antolakundeak azaldu duen bezala, urrats honek, bi egiteko nagusi zituen: Alde batetik, kongresuan ebatzitako estrategia feminista osatu eta garatzeko erabakiaren zimenduak jarri; antolakundeko egiturak eta kideak eragite feministarako prestatzeko helburuarekin. “Hau jarduteko bitarteko zehatz eta egingarriekin osatu nahi izan dugu, argi baikenuen, militantzia feministarako gure proposamena ez zela ikuspegi hutsa edo betaurreko moreak janztea, haratago joan nahi izan dugu; arautuak eta zehaztuak dauden praktiken multzoak identifikatu ditugu, eta baita hau konkretura eraman ere; egitura, informazio kanalak, erabakimen marko eta prozedurak baldintzatzen eta egiteko modu berriak sortuz” azaldu dute. Eta, beste aldetik, aurretik aipatutako eraldaketa hori sustatzeko erakundearen ardura nagusi bat definitu dute: Ernai eskola feminista izatea, gizarte honen despatriarkalizazio prozesuan ekarpena egiteko. “Antolakunde iraultzaile batek, amesten duen proiektu horren isla behar du izan, eta guk Euskal herri feminista amesten dugunez, feminista izango da gaurdanik gure praktika” gehitu dute.

Gehiago