Milaka pertsona Bilbon, faxismoaren aurka eta berdinen Euskal Errepublika baten alde

Milaka pertsona batu dira Bilbon, EH Bilduk antolatutako manifestazioan. «Nazio feminista, sozialista, burujabea, ekologista eta parekidea» aldarrikatu du Arnaldo Otegik.

2021-ko azaroak 21

 «Independentismoa ahul dagoela esaten diguten honetan, garbi utzi diegu erratuta daudela». Garazi Perea EH Bilduko militantearen hitzek ondo laburbildu zituzten atzo arratsaldean Bilbon batutako milaka lagunek ahotan izandako iruzkinak. Aurreikuspenak gaindituta, Euskal Herriaren independentziaren aldeko manifestazio oso jendetsua egin baitzuen koalizio abertzaleak. Burujabetza grina berretsita eta giharra erakutsita, asmo horretan pausoak emateko premia nabarmendu zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak: «erresistentziatik askatasunera» jauzi egin, «bloke historiko bat» osatu, eta herria «eraldatu eta eraikitzera» deitu zuen.

Pandemia aurreko manifestazio handien itxura hartu zuten Bilboko kaleek atzo arratsaldean. Mobilizazioa hasi baino ordu erdi lehenago jada ehunka pertsonak hartuak zituzten Casilla inguruak, eta martxa abiatu zenerako Autonomia osoa jendez beteta zegoen. 70 autobus baino gehiago iritsi ziren Euskal Herri osotik, antolatzaileen arabera. Manifestarien artean ziren koalizio abertzalearen ehunka kide eta hautetsi, ikurrinak eta Nafarroako banderak eskuan hartuta, eta bularrean mobilizazioaren leloa itsatsita: Aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte.

Txoria txori abestiaren doinuarekin agertu ziren EH Bilduko buruzagiak eta manifestazioaren sustatzaileak Casillara; besteak beste, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Garikoitz Mujika, Bakartxo Ruiz, Maddalen Iriarte, Mertxe Aizpurua, Edurne Brouard eta Izortze Santin. Zain zeuden ehunka lagunen txaloak jasota, pankarta zabaldu zuten eta irrintzi artean egin zituzten lehen urratsak. Aldarte onean igaro zen martxa, independentziaren eta euskal presoen aldeko oihuak hauspotuta, eta jendetza bildu izanaren poztasunak piztuta.

Arnaldo Otegi ere itxaropenez eta baikortasunez mintzatu zen Bilboko udaletxearen aurrean egindako ekitaldi politikoan. Egungo gizartearen «erronka handiez» jardun zen, baina horiei aurre egiteko gai izango den herri bat irudikatu zuen: «Nazio feminista, sozialista, burujabea, ekologista, parekidea».

Hain zuzen, «euskal nazioa» izan zuen hizpide Otegik une oro: «Mirari bat da herri hau bizirik egotea, mende askotan zehar desagerrarazteko estrategia bat egon baita». Nabarmendu zuen Euskal Herriak «sorkuntzatik, herri borondatetik eta antolakuntzatik» egin diela aurre oztopoei, baina etorkizunerantz urrats bat gehiago egiteko beharra azaleratu zuen: «Erresistitzen ikasi dugu, baina herrien egoera naturala ez da erresistentzia, baizik eta askatasuna».

Horretarako aukera ikusten du koalizioko buruzagiak. Estatu eredua krisian da, haren hitzetan: «Herriek auzitan jarri dute. Erraza baita Franco Erorien Haranetik ateratzea, baina oso zaila frankistak estatu aparatuetatik egoztea». Autodeterminazio eskubidearekiko errespetua eskatu zion Espainiako Estatuari, baina pausoak Euskal Herrian bertan eman behar direla erantsi zuen: «Herria askatu behar dugu, eraldatu, eraiki. Fase horretan sartu behar dugu orain. Euskal nazioak merezi duen estatus politiko, ekonomiko, kultural eta instituzionala lortu behar du».

Bidea ere marraztu zuen: «Bloke historiko bat eraiki behar dugu, nazio hau merezi duen estatusera eramateko». Siglez harago joan beharra aipatu zuen: «Herri honetako indar guztiak artikulatu behar dira: herri mugimenduetatik, sindikatuetatik, alderdi politikoetatik, norbanakoetatik, eta lidergo berri batekin».

Instituzioetan eta kalean

Bide hori ez da hutsetik hasi behar, ordea, atzo Pereak azaldu zuenez. «Batzuk izututa daude EH Bildu instituzioetan dagoelako. Badakite alternatiba bakarra garela». Koalizio abertzaleak Nafarroako, Gipuzkoako edota Madrilgo erakundeetan egindako ibilbidea gogoratu zuen, baita udaletakoa ere: «Politika da proiektu eraldatzaile eta aurrerakoiak herritarren mesedetan jartzea. Jendearen bizitzak hobetzeko politikak erdigunean ipintzen ditugu». Halere, independentzia gogoa erakundeetatik kanpo elikatzeaz ere aritu zen, jendetzari begira: «Hemen herri duin bat dago, instituzioetan ordezkatuta, bai, baina kalean aktibo eta borrokalari».

Gehiago