Milaka lagun gaur Iruñean euskara eta Hezkuntzaren zerrenda bakarraren alde
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak babesa agertu dio Nafarroako Gobernuari, hezkuntza lanpostuetarako deialdi publikoan zerrenda bakarra osatzeko asmoa agertu duela eta. Bilbaok ohartarazi du hurrengo ostegunean PSNk zerrenda bakarraren kontra aurkeztu duen proposamena onartzen bada, "herritarren bereizkeriarekin jarraitzeko" neurria hartuko dela.
2017-ko abenduak 16
Bilbaok manifestazioaren amaieran egin duen hitzaldian nabarmendu duenez, gerta daiteke “UPNk euskaldunak zigortzeko sortu zuen sistema bat berriro indarrean jartzea”.
Hezkuntzako zerrenda bakarrak ez du, gaur-gaurkoz, gehiengo parlamentariorik. Legebiltzarreko 50 eledunetik 24 dira lista bateratuaren aldekoak —Ahal Dugu-ren kasuan, ñabardurekin—. Aritmetika politikoaz harago, baina, aukera hori babesten dute gehiengo sindikalak, euskalgintzako eragile guztiek eta gizartearen zati handi batek. Gehiengo sozial hori irudikatzeko, kalera atera dira gaur Nafarroako euskaltzaleak, Kontseiluak deituta. Geroa Bai, EH Bildu, LAB, ELA eta Steilas batu dira deialdira.
12:00etan atera da manifestazioa, Iruñeko autobus geltoki zaharretik, eta, hiriko erdigunea zeharkatu ostean, Sarasate pasealekuan amaitu da. Eman bide euskarari. Berdintasunaren alde lelopean, honako hau izanen da ibilbidea: Bakearen plaza, Nafarroa Beherea etorbidea, Karlos III.aren etorbidea eta Sarasate pasealekua. Foruen monumentuaren aurrean eginen du Kontseiluak manifestazio bukaerako ekitaldia.
Azken egunetan, hizkuntza eskubideen aldeko manifestazioari atxikimendua adierazi diote Geroa Bai eta EH Bildu talde politikoek, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek —gehiengoa dute Hezkuntzako mahai sektorialean—, eta hainbat eragile sozialek; besteak beste, Sortzenek, SOS Arrazakeriak eta Bilgune Feministak. Euren ordezkariak manifestazioan izan dira gaur.
Batzarre, zerrenda bakarraren alde
Ezkerra koalizioko bazkideetako batek, Batzarrek, Hezkuntzako oposaketetan zerrenda bakarraren alde egitea erabaki du. Prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, duela hilabete batzuk eztabaida prozesua abiatu zuten eta abenduaren 12tik 14ra bitartean barne kontsulta bat egin dute gaiaren inguruan. Afiliatuen %56k oposaketetako azterketetan zerrenda bakarra egotearen alde egin dute, eta %37,5ak, berriz, bi azterketa desberdin egitea hobetsi dute.
Batzarraren koordinadorak poza agertu du eztabaidak parte-hartze handia izan duelako eta kontsultan, guztira, afiliatuen %62k parte hartu duelako. Emaitzaren berri eman diote jada koalizioko beste bazkideari, Nafarroako Ezker Batuari.
Batzarraren erabakiak badu bere garrantzia, baina ikusteko dago zer egingo duten Ezkerrako bi koalizioko parlamentariek ostegunean. Gobernuak adierazia du zerrenda bakarra jartzeko asmoa; hezkuntzako mahai sektorialaren babesa ere badu horretarako, baina parlamentutik moztu nahi diote bidea. PSNk lege proposamen bat egin du, eta legebiltzarrak bide eman dio hari, gobernuko laukoteko indar batek oposizioarekin bat egin duelako: Ezkerrak. Abenduaren 21ean bozkatuko dute proposamena.
Orain Batzarrek abstentzioa eskatu dionez, ikusteko dago zer gertatuko den. Dena den, Batzarrek zehaztu du koalizioaren baitan ezadostasunak direnean bozkatzeko askatasuna dutela euren ordezkariek.