Mikel Zabalzaren hilketaren inguruko dokumentala ekoizten ari da Ahotsa.info
Orbaizetako gaztearen 30. urtemuga egin behar den honetan, Ahotsa.info eta beste eragile batzuek oraindikan ere mantentzen den bertsio ofiziala zalantzan jarri nahi dute egia, erreparazioa eta errekonozimendua bultzatzeko.
2015-ko apirilak 10
1985ko abenduaren 15an Bidasoa ibaian hilik agertu zen Mikel Zabalza. 20 egun lehenago atxilo hartu zuen Guardia Zibilak Orbaizetako bizilaguna.
Egiaren bila zebilen familiaren minaren lekuko, euskal jendartearen konzientzia aztoratu zuten 20 egun horiek. Non zegoen Mikel, zer gertatu zitzaion?
Bertsio ofizialaren arabera, Guardia Zibilaren esku zegoenean, ihes egiten saiatu, eta saiakera horretan, ibaian ito egin zen. Baina euskal jendartearen eta alderdi politiko zein eragileen gehiengoa, eszeptiko agertu zen. Batzuek hil arte torturatzea leporatu zioten Guardia Zibilari. Sarekada hartan atxilotuak izan ziren lekukotasunek eta lehenago izandako beste batzuek hori uzten baitzuten agerian.
Inor ez zen epaitua izan gertakari horiengatik, eta are gutxiago zigortua. Ez zuten Guardiaz Zibil bakar bat bera ere kargugabetu, are eta gutxiago zigortu. Mikel atzeman, atxiki eta ziurrenik torturatu zutenek Intxaurrondon jarraitu zuten. Horietako batzuk, Galindo generala bezala, GALen parte hartzeagatik zigortuak izan ziren gerora.
Politikarien artean, inork ez zuen gertatutakoaren ardura bere gain hartu. Guztiek, Julen Elgorriaga gobernadoretik hasi eta Jose Barrionuevo Barne ministroraino (bi horiek ere GALen parte hartzeagatik zigortuak izan zirenak), bertsio ofiziala defendatu zuten beti. Inpunitate osoa.
30 urte beranduago, "Zabalza auzia"-ren inguruko bertsio ofiziala mantentzen da. Horregatik, Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenetik dokumental bat egitea proposatu zioten Ahotsa.info-ri., Justiziak eta instituzioek egin ez dutena, ahal den neurrian, guk egiteko: Mikelen heriotzaren inguruko egia bilatu, jendartean gertakari hauen inguruko aitortza bultzatu, eta Zabalzaren sendia eta lagunei erreparazioa eskeini. Eta gainera, dokumental hau Estatu espainolean azken hamarkadetan eman den torturaren praktikaren lekuko izango da. Erronka honetan Ahotsa.info ez dago bakarrik. Ikusentzunezko proiektu honetan Filmotek Tolare Audiovisual, Piztu.info eta Eguzki Bideoak taldeetan biltzen diren pertsonek parte hartuko dute, baita ere Aitor Merino aktore eta Asier ETA Biok filmetako zuzendariak.
2016ko irailean argitaratu nahi da dokumentala. Benetan gertatu zena argitzeko helburuarekin, Orbaizetarraren senideak, lagunak eta bere auzia ezagutzen dutenen lekukotasunak eta tortura kasuetan adituak direnen hitzak jasoko dira. Oraingoz paperean dagoen proiektu hau egi bihurtzeko, lehen fase baterako 60.000 euro beharrezkoak izango dira. Hainbat fundazio, elkarte, komunikabide eta instituzioen laguntza eta kolaborazioa bilatuko da egitasmoa aurrera eramateko.
Lan honek, berriz ere, euskal jendartearen konzienzia aztoratzea du helburu, Mikel Zabalzari gertatu zitzaiona berriz ez dadin errepikatu, gertatutakoa ez dadin ahaztu, eta torturaren praktika desagertu dadin. Horretarako laguntza behar da. Egitasmo honekin hasteko beharrezkoa den dirua biltzeko Euskadiko Kutxako kontu korronte bat ireki da (ES96-3035 0356 57 3560007399), nahi duena bere ekarpena egin dezan.