Mikel Zabalzaren hilketaren 40. urteurrena gogoratzeko autobus batek Donostia, Aezkoa eta Bidasoa lotuko ditu
Mikel Zabalzaren 40. urteurrena gogoratzeko hainbat jaduera eginen dira azaroaren 26tik abenduaren 14 bitarte.
2025-ko irailak 23
2025eko azaroaren 26an, berrogei urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza Garate atxilotu, torturatu eta hil zuenetik. Data seinalatu hau probestuz Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenak, DBuseko langileak, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak, elkarlanean dinamika bat garatuko dute. Dinamika honek autobus bat, erakusketa bat eta ekitaldi nazional bat barnebiltzen ditu.
Azaldu dutenez, memoria ariketa bat izanen da, gogoratzeko Zabalza Estatuko indarkeriaren biktima izan dela eta horrela aitortu dela ofizialki urte askotako borrokaren ondorioz. “Beti aldarrikatu ditugun egia, justizia eta erreparaziorako bidean urrats garrantzitsuak eman dira, azken hamarkadan; bereziki, azkenari dagokionean. Hala ere, aitortza instituzional horiek ez dute kontakizun osoa azaleratu: zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola… Erantzunen bila goaz”, gogoratu dute.
Mikel desagertua egon zen 20 egunetan izandako herri mobilizazioa gogoratzeaz gain, bere lankideek egindako protesta ikonikoa berreskuratu nahi izan dute aurten garatuko den dinamika. «Hemen ez dago gidaria, non dago?» zioen Donostiako udaletxeraino eraman zuten autobusetik zintzilikatutako pankartak.

“40 urteren ondotik, ekintza hura berreskuratuko dugu. Azaroaren 26tik abenduaren 14ra, Mikel Zabalza desagertua izan zenen egunetik, Bidasoa ibaian agertarazi zuten egunera arteko datetan, autobus batek Euskal Herriaren parte bat zeharkatuko du, Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuz”, azaldu dute. Autobusaren barruan Zabalza auziaren nondik norakoak ezagutarazteko helburuz erakusketa bat izanen da. Eta, tokian toki, hainbat ekintza antolatuko dituztela ere iragarri dute. Bestetik, abenduaren 14an Donostian ekitaldi nazionala eginen da.
“Belaunaldiz belaunaldi mantendu dugu bizirik Mikelen memoria. Hari horren bidez dugu gaur ere gogoan; eta datozen belaunaldiengana luzatzeko konpromisoan berresten gara. Egia eta justiziaren bidean, Euskal Herrian milaka lagun torturatuk indar polizialen eskuetan pairaturikoa ahanzturaren zakuan galdu ez dadin eta halakorik beste inori geratuko ez zaiola berma dezagun”, esan dute bukatzeko.
