Mikel Zabalza gogoratu dute ehunka lagunek, Orbaizetako Olan, lore eskaintza batekin

35 urte dira orbaiztarra torturapean hil zutela Intxaurrondoko kuartelean. Auto karabana eta herri lore eskaintza egin diote orbaiztar gazteari.

2020-ko azaroak 29

Mikel Zabalza orbaiztarra gogoratu dute 35. urtez, bere jaiotetxearen atarian, Orbaizetako Olan. Ehunka lagun batu dira egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea aldarrikatzeko. Aurten, jende pilaketarik gabeko lore eskaintza antolatu du Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak, eta autoz haren sortetxeraino gerturatuz, bakoitzak lore bat eskaini dio.

Herri Ekimenak azaldu duenez, Orbaizetako 1985ko gazteek eman diete aurtengo ekitaldi bereziaren ideia. Mikel Zabalzaren hiletaren egunean, abenduaren 18an, “traktore eta auto anitz bailarako errepideak zeharkatu zituzten, bat bateko ekitaldi hunkigarri batean”. Hori bera egin nahi izan dute, eta 11:00tik aurrera hamarnaka auto Orbaizetako Olara gerturatu dira. Lore eskaintza, Peio Zabalza musikari orbaiztarraren musikarekin girotu dute.

“Mikel errelatoaren parte da”
Atzo egin zuen Mikel Zabalza Gogoan Ekimenak ekitaldi nagusia. Mikel Zabalzaren kasuan eta gainerako tortura kasuetan egia argitzea aldarrikatu du herri ekimenak Auritzeko kultur etxean egindako ekitaldian. COVID-19a dela eta, edukiera murriztua izan du ekitaldiak.

Beste urte batez, egiaz gain, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea eskatu ditu plataformak. “Denok argi dugu, Mikel ez zuen Bidasoako urak hil. Mikel Intxaurrondoko kuarteleko bainera bateko urak hil zuen. Gaur gaurkoz Mikel ez da inon biktimatzat hartzen. Gaur gaurkoz, bere senideek ez dute ez egiarik, ez justiziarik ezta erreparaziorik ere eduki. Errelatoaren parte da Mikeli gertatutakoa eta hala aldarrikatzen dugu”, adierazi du Eneko Villegas Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenaren izenean.

Nafarroako Gobernuak polizia indarkeriaren biktimak aitortzeko hasitako bidea gogoan, ausardiaz jokatzeko eskatu zaio ekitaldian. 1960-1978 urteen bitartean izandako biktimaz gain, gain- erakoak ere ikertzeko eta torturak Nafarroan eragin duena zenbaterainokoa den aztertzeko galdegin diote gobernuari. “Torturatu guztientzat gauza bera eskatzen dugu: egia, justizia eta ordaina”, adierazi du Villegasek.

35 urte
1985. urteko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaiztarra, Donostian. Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan, abenduaren 15ean.

Familiak inoiz ez zuen sinetsi bertsio ofiziala. Herrikideek ere ez. Zabalzaren hilketak bereziki ukitu eta hunkitu zuen herri hori, baina Euskal Herri osoan eragin zituen protestak. Euskal Herri osoan salatu zuten herritarrek gertatu zena.

Gehiago