Migratzaile eta etxerik gabekoei arreta duina emateko, erroldatzeko protokolo bateratua izango du Nafarroak
2024-ko irailak 5
Irizpide bateratuak biltzen dituen protokoloa sortzen ari dira Iruñeko Udala eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa. Etxegabetasun edo kalteberatasun egoeran dauden pertsonei behar bezala arreta emateko xedez sortuko dute.
Iturria: Euskalerria Irratia-Ahotsa.info
Etxerik gabeko pertsonak erroldatzeko protokolo bateratua prestatzen ari dira Iruñeko Udala eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa. Federazioak protokolo bat aurkeztu dio Nafarroako Gobernuari egoera ahulean dauden pertsonak erroldatzeko irizpideak bateratzeko, eta horrela, prozesua errazteko.
Dokumentuan jasotako irizpideek aukera emango diete udalei etxegabetasun-egoeran edo kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei behar bezala arreta emateko. Kasuen aurrean eman behar den erantzuna planteatzen du txostenak ere. Aldi berean, ahalbidetuko du Nafarroako lurralde osoan jarduteko protokolo adostua ezartzeko egindako eskaerari erantzuten diote.
Esaterako, tokiko entitateek erroldatzeko zailtasunak dituzten pertsonen kasuan, adierazten duten lekuan bizi direla egiaztatu ahalko dute edota udal-zerbitzuek egindako txosten baten bidez erraztu ahal izango da erroldatzea.
Errolda eskubidearen aldeko dinamika
Aspaldiko eskaera da errolda ahalbidetuko duen protokolo bat ezartzearena. Hainbat kolektibok errolda oinarrizko eskubidea dela azpimarratu izan dute azkenaldian, eta ekimen ezberdinak martxan jarri dituzte helburu horrekin. Errolda beste eskubide batzuk eskuratzeko giltza dela behin eta berriz errepikatu dute: osasun arreta, hezkuntza, gizarte-zerbitzuetarako sarbidea edo egoitza-baimena lortzeko. Legean biltzen da bizi garen tokian erroldatzea herritarren eskubidea dela, eta gainera betebehar gisa definitzen da. Beraz, administrazioek bermatu behar dute eskubide hori.