Mendigorria eta Artaoxoako proiektu eoliko berriaren aurkako 800 alegazio baino gehiago aurkeztu dituzte
Gure Haizea elkarteko kideak elkartu dira Nafarroako Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren aurrean "ezetz tinko eta sendo bat aurkezteko itotzen ari gaituzten makroproiektu eolikoei". Osotara, 800 alegazio aurkeztu dituzte Enigma Green Power eta Savanna Green Power enpresak 10 aerosorgailu jartzeko egin nahi duten proiektuaren aurka.
2026-ko otsailak 9
“Urte gutxitan ikusi dugu nola gero eta handiagoak diren haize errotak gure ortzimuga bete duten. Gero eta gehiago dira, eta gero eta hurbilago daude. “Proiektu txikiak” batuz izugarrizko haize errota lerroak sortzen ari dituzte gure paisaian, herriak inguratuz eta natura suntsituz”, salatu dute Gure Haizea elkartekoek.
Gogoratu dute nola 2025eko abenduan, Enigma Green Power eta Savanna Green Power enpresak beste proiektu bat aurkeztu zuten, Artajona eta Mendigorria artean 10 aerosorgailu jartzeko. “Datak data, epe laburra eta informazio gutx izan arren, 800 alegazio baino gehiago aurkeztera gatoz, aldez aurretiko kontsiderazio moduan, zentzugabekeria ekologiko eta sozial honen aurka”. Orain, espero dute Mendigorria eta Artaxoako udalek ere aurkako alegazioak aurkeztea.
“Eta ziurrenik datozen hilabeteetan etortzen jarraitu beharko dugu, izan ere, bizi garen tokian, muino bakoitzean eta inguratzen gaituen mendi bakoitzean, enpresa handi baten izena dago, gure ondare naturala suntsitzearen eta gure baliabideak ustiatzearen truke are gehiago aberasteko irrikaz”.
Elkarte honen esanetan, proiektu hauek “ez dira batere ekologikoak”. “Energia garbia” edo “trantsizio energetikoa” kontzeptuen atzean espekulazioa dagoela salatu dute. “Gure herriak, gure ingurunea, bioaniztasuna eta jasangarritasuna benetan baloratzen ditugunoi ez gaituzue engainatuko. Are gutxiago eskrupulurik gabeko komertzialek, ezta politikari interesatuek ere”. Berriztagarrien aldeko mezua zabaldu nahi izan dute, “baina ez horrela”.
