Matrikulazioa zabalik AEK-ko euskaltegietan

Ikasturte berriaren aurkezpena egin du AEK-k; izan ere, AEK-ko euskaltegi guztietan matrikulazioa zabalik dago. Euskara ikasteko garaia berriz hemen dela iragarri dute, "euskara maila hobetzeko, euskara erabiltzen jarraitzeko".

2019-ko irailak 5

Gasteiz aukeratu dugu aurkezpenerako; alde batetik, ikasturte honen xede nagusietako bat delako Lakuabizkarrako, Aranako eta Judimendiko matrikulazioa handitzea, eta, bestetik, uste dugulako kale hauetan amaitu zen 21. KORRIKAren hauspoak ere matrikulazioa handitzen lagunduko duelako.

Euskara ikasi eta landu nahi baduzu, edonon zaudela, bertatik bertara duzu AEK-ko euskaltegi bat, 100 euskaltegi baino gehiago, Euskal Herri osoan. Zu hemen zaude, AEK ere bai.

Beraz, bilatu hurbilen duzun euskaltegia, eta, urtero bezala, euskara praktikoa ikasteko eta lantzeko aukerarik onena eskainiko dizugu, eta lortuko duzu etxeko eta inguruko harremanak euskaraz izatea, lan-egoera hobetzea, bilatzen ari zaren euskara-maila eskuratzea…

AEKn, zure eskariari erantzungo dion eskaintza aurkituko duzu: eskolak euskaltegian, autoikaskuntza, online ikastaroak, barnetegiak, mintzapraktika taldeak eta jarduerak, normalizazio-planak, itzulpen-zuzenketa zerbitzua, AIZU! aldizkaria…

Bestalde, amaitu aurretik, azpimarratu nahi dugu erakunde askok (udalek, aldundiek, mankomunitateek..) diru-laguntzak ematen dituztela. Diru-laguntzen gaineko informazio hori, ikastaroena, hizkuntza-agiriena eta abar gure webgunean (www.aek.eus) eta euskaltegietan aurkituko duzue, horretarako propio prestatu baitugu.

Irailaren 17an, zer?
Euskaltegietako ate irekien eguna antolatu dugu, eta bertan euskara eskolak doan eskainiko ditugu, behe mailetan, 70 bat herritan.
Informazio osoa, www.aek.eus.

Gehiago