Matrikulazio epea zabalik Iruñeko haur eskoletan

Atzo zabaldu zen epea eta gurasoak hasi dira gerturatzen haur eskoletako aurrematrikulazioa kudeatzen duten udal bulegoetara, Erraldoien Txokoan. Bertan, egunero, euskalgintzaren bolondresak ari dira informazioa banatzen eta #EuskaraCercaHurbil aukeratzera animatuz, hainbat lagun ezagunekin batera. Gaur, Oier Sanjurjo futbolaria izan da haiekin. Bihar, Zaldi Eroa marrazkilaria egongo da, eta etzi Julian Iantzi.

2016-ko martxoak 8

Martxoaren 7tik 18ra da matrikulazio kanpainia. Aurten lau eskola dira euskarazko eskaintza dutenak, Izartegi Txantrean, Goiz Eder Arrotxapean, Donibane izen bereko auzoan eta Printzearen Harresi Arrosadian. Era berean, azpimarratzekoa da udalak matrikulazio eskaerekin batera banatu duen inkesta, jasotzen diren eskaeren araberakoa izango baita etorkizunean eginen den eskaintza.

Beraien txikiak lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoak Erraldoien txokora joan behar dira. Bertan, egun horietan guztietan zehar, bolondresekin batera egunero bi orduz iruindarrontzat ezagunak eta gertuak zaizkigun lagunak izanen ditugu gurasoengana gerturatuz eta informazioa eskainiz: Julian Iantzi, Leire Ruiz, Motxila 21, Donibaneko Ahari, Oier Sanjurjo, Zaldi Eroa, La Chula Potra… eta beste lagun batzuk bertan izanen dira. 

#EuskaraCercaHurbil matrikulazio kanpainiaren inguruko informazioa, egunez egun

Edozein ekarpen, zalantza edo kontakizunetarako: euskaracercahurbil@gmail.com

Gehiago