Matrikulazio epea zabalik, AEKk eroso bizitzeko euskara ikastea eskaintzen du

2024-ko irailak 4

AEKk 2024-2025 ikasturteko matrikulazio-kanpaina aurkeztu du gaur. Online klaseak, presentzialak, barnetegiak… eskaintza zabala “euskaraz eroso bizitzeko”. Helburu honekin, dirulaguntzen berri ematen dute AEK.eus webgunean.

Euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu euskaltegietako ateak, “eroso ikasteko”, gaur egindako agerraldian AEKko arduradunek adierazi duten bezala. Egun, AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta urritik aurrera klaseak hasiko dira.

Euskaltegi horiek ordutegiak, modulazioak, mailak… eskaintzen dituzte, ikasleen beharrizanetara egokituak. AEKk euskara-eskolak ematen ditu enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan. Pantailen beste aldetik ere, nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, AEKren online-euskaltegiko ikastaroen bitartez, esaterako.

Euskaltegietan edozein zalantza argitzeko prest agertu dira, edo www.aek.eus webgunearen bidez, edo telefono zenbaki hauetan: 673 200 100 // 946 464 000.

AEKn, euskara eroso

AEKk gogoratu du bere xedea dela “Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea, eta, hori dela-eta, euskararen ezagutzan, erabileran eta sustapenean” aritzen da. “Herritarrek, ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izatea nahi dugu, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuta sentitu gabe”, adierazi du Lurdes Etxezarreta AEKko ordezkariak.

“Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi dugu”, eta ikasleak handik ateratzean gure hizkuntza arlo guztietan erabiltzeko aukera izan dezaten bilatzen dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian…”; horretarako, eskaintza integrala badu AEKk: online zein aurrez aurre euskara ikasteaz gain, erabilerarako aukerak ere eskaintzen ditu, honako hauek besteak beste: AIZU! aldizkaria, euskaraz irakurtzeko; Praktikaturen eskaintza, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko…

Halaber, Etxezarretak gogorarazi du azkenaldian epaitegiek emandako sententziek “ez digutela uzten euskaraz eroso bizitzen, eta behin eta berriz urratzen dituztela hizkuntza-eskubideak”. Ildo horretan aipatu du euskaldunen nahia dela euskaraz “eroso” bizitzea, eta horregatik aukera eskaini nahi diete ikasle guztiei “ikas-prozesua eroso” bat.


Dirulaguntzak

“AEKtik doakotasuna aldarrikatzen dugu, uste baitugu administrazioek bermatu behar dutela euskara doan ikasteko herritarren eskubidea. Azkenaldian urratsak egiten ari badira ere, oraindik badago zeregina benetako doakotasuna lortzeko: besteen artean, herritarrek dirurik aurreratu behar ez izatea”, adierazi du AEKko eledunak.

Gaurko agerraldian, azpimarratu dute A1 mailarako dirulaguntza berria, doakotasunaren bidean beste urrats bat eta pizgarria euskaratik urrun bizi direnentzat: EAEn euskara 0tik ikasi nahi duten ikasleen matrikula merkeagoa izango da hemendik aurrera. Alegia, A1 mailako euskara ikasleek orain arte ordaintzen zuten matrikularen laurdena ordainduko dute aurrerantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako edozein euskaltegitan.

Ildo beretik, pasa den ikasturtean zabaldu zen dirulaguntza-lerroaren moldaketa egin du Eusko Jaurlaritzak, baina 16-18 urtekoentzat C1 maila prestatzeko dirulaguntza ere badago aurten.

Era berean, bestelako erakundeek ere (udalek, aldundiek, mankomunitateek, administrazio nagusiek..) ematen dituzte dirulaguntzak. Euskal Autonomia Erkidegoan, hain zuzen, B2ra arteko prozesua doakoa da, maila euskaltegian nahiz deialdi ofizialetan egiaztatuz gero.

Bestalde, Nafarroan eta Iparraldean ere badira euskara ikasteko diru-partidak. Alta, Nafarroako eremu batzuetan —Ager eremuan, zehazki— euskara-ikasleek Errigora bekaren laguntza ezinbestekoa dute.

Informazio hau ere berariazko orrialde batean bildu dute.

Gehiago