Martxoaren 21an, arrazakeriaren kontrako burrunba
SOS Arrazakeriak bertan behera utzi behar izan zuen Arrazakeriaren Aurkako Astea, baina martxoaren 21an arrazakeria eta xenofobia salatzeko ekimen bat proposatzen dute: eguerdiko 12etan balkoietara atera eta burrunba egitea.
2020-ko martxoak 18
Datorren martxoaren 21ean Arrazakeriaren aurkako eguna izanen da. Gaur egun dugun konfinamendu egoera dela eta, ezin izanen gara kalera atera arrazakeria agerian uztera eta salatzera, baina ez dugu isilik egoteko asmorik. Krisi garaietan egiturazko indarkeria eta bazterkeria eta sistemaren arrakalak ageriagoan gelditzen dira, gainera, krisi horiek eskubide eta askatasun murrizketak ekartzen dizkigute. Koronabirusaren kontrako neurriek ez dute esaten zer gertatuko den CIE eta adin txikikoen zentroetan, espetxe eta errefuxiatu eremuetan askatasunik gabe dauden pertsonekin ezta iragaitzazko egoeran edo etxebizitzarik gabe daudenekin ere. Pertsona horiek guztiek Atzerritartasun legea jasaten dute; lege horrek gizartearen ertzetarantz eramaten du jende asko. Ertz horietatik hitz egiten dugu, norberaren jatorri, arrazalizazio edo baldintza sozioekonomikoen arabera sailkatzen gaituzten ertzetatik. Sistema krisian sartzen denean gogorrago jotzen gaitu.
Horregatik guztiarengatik datorren 21ean, eguerdiko 12etan, lapikoak eskutan, balkoi, eta leihoetara ateratzea proposatu nahi dizuegu. Zarata ozen eta garbi eginen dugu gogoratzeko bizitzeko tokia eta modua aukeratzeko eta libre eta ezberdinak izateko denon eskubideak direla.