Martxoak 17ko grebarekin bat egiteko dei egin dute NUP-eko Ikasle Abertzaletik
Datorren ostegunean, ikasle sindikatuak greba deitu du Euskal Herri osoan, Euskal Herriak Hezkuntza sistema propio bat behar duela aldarrikatzeko, "herritik eta herriaren mesedera dagoena, euskalduna, herritarra, askatzailea eta feminista izango dena". Gobernu aldaketa eman zenetik Nafarroako Unibertsitate Publikoan egoera ez dela batere aldatu salatu dute NUP-eko IAtik.
2016-ko martxoak 8
NUPeko IAk zabaldu duen oharrean aldaketaren instituzio berriek Hezkuntzan hartutako erabakiak aztertzen dituzte. Adibidez, Iruñean, 32 urte ondoren bi haur eskola berri irekiko dira Iruñean eta euskararen plan estrategikoa egiteko proiektua bidean dago. “Argi daukagu, urrats hauek beharrezkoak direla Nafarroa euskaldun bat eraikitzeko, hiru eremutan zatitzen gaituen legea bertan behera uzteko”.
Aldiz, gobernuak aurkeztu duen Hezkuntzako LEP proposamenak gogor kritikatu dute, “UPN-PSNk bere garaian eraikitako erregimena elikatzen” duelako, “euskaldunak eta euskaltzaleak baztertuz”. “Ikasleok, ez ditugu jarrera hauek onartuko eta beste zenbait eragileek azalarazi bezala guretzako erabaki hauek euskaldunen hizkuntz eskubideen ukazioan pauso bat gehiago dira”. Horregatik, Mendoza hezkuntza kontseilariaren dimisiona eskatu dute.
“NUPen egoera ez da batere aldatu”
Unibertsitateari dagokienez, egoera ez dela batere aldatu esaten dute. Carlosena errektoreak kargua eskuratzean NUPeko plan estrategiko berri baten beharra ikusi zuen, baina “otsaila amaieran aurkitzen gara eta ez daukagu plan honen berri”.
Euskarari dagokionez, NUPeko euskara taldeak unibertsitateko beste eragileekin batera salatu du euskararen egoera okerra dela. “Oraindik ere, euskaraz soilik karrera bat ikas daiteke eta orain dela gutxi egindako inkesta batzuen arabera, klaseetatik aparte eskaintzen diren beste zerbitzuetan ere, euskaldunok ere baztertuak sentitzen gara”.
“Ezin ahaztu ere pasaden ekainean egindako 3+2 aren inguruko erreferendumean ikasleon gehiengo batek erreforma honen aurka agertu zela, eta nahiz eta Carlosenak bere diskurtso politikoan argi utzi erreforma honek ekarriko zituen lan kargak eta kosteak oraindik ere ez du erreforma honen aurkako posizioa azaleratu”.
Eredu globalitzailea
Azpimarratzen dutenez, bizi duten egoera hezkuntza eredu globalizatzailearen ondorio zuzena da. “Hamaika dira, hezkuntzan aplikatu egin diren erreformak eta hamaika dira ere ikasleok hauen aurka burututako mobilizazioak. Zoritxarrez, erreforma horiek gaur egun gure hezkuntza sisteman aplikatuak eta martxan daude eta modu batean hauek onartu egin ditugu”.
NUPeki IAren iritziz, “orain daukagu aukera sistemari aurre eginen dion kontrabotere bat sortzeko, bai konfrontazioaren eremutik, sistema honekin aberasten diren eta aldi berean babesten duten entitateak markatuz, eta baita eraikuntzaren planotik ere. Ikasleok subjektu aktibo eta iraultzaileak izan gara historikoki eta gai gara eraiki nahi dugun hezkuntza sistemari buruz erabakitzen hasteko. Ofentsiba hala, arduradun politiko eta praktikoak jopuntuan jarri eta ikasle boterea, izaera kolektibotik, garatzeko ordua heldu da”.
Ohar honen bitartez, ikasle guztiei dei egiten diete martxoaren 17an antolatu duten greba orokorrarekin bat egiteko, baita apirilean burutuko duen herri unibertsitatea osatzeko ere. “Zapaltzen gaituen sistema honen aurrean subjektu iraultzaileak garelako eta borrokarako grina daukagulako”.