Martxoak 14, Independentzia Eguna ospatuko du Mendialdeko Ernaik Leitzan

Martxoaren 14an Independentzia Eguna ospatuko du Ernai-k Leitzan "Euskal Herriaren askatasunaren aldarria lau haizetara zabaltzeko". Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldeko Ernaiko gazteek elkarlanean antolatu dute eguna, egitarau zabalarekin.

2020-ko otsailak 11

Amaiurren bildu ziren Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldeko gazteak, “Nafarroako Erresumaren erresistentziaren ikurra eta euskaldunon independentzia egarria” irudikatzen duen monumentuan.

“Gure independentzia egarriak, beharrak eta ilusioak” batu dituela azaldu zuten gazteek. “Espainiar eta frantziar estatuek bahitutako herri honetan etengabe lotzen gaituzte kateek, itotzen gaituzte sokek. Baina guk aske izan nahi dugu, eta aske izateko antolatzen gara, borrokatzen dugu”, adierazi zuten.

“Euskal Herri aske bat dugu bihotzean, eta indar horrek mugitzen gaitu bidean. Ezinbertzekoa dugu lotzen gaituzten kateekin puskatzea, haustura baita askatuko gaituen bide bakarra. Argi dugu Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzeko ezinbestekoa zaigula independentzia. Eta bide horretan gazteok indarrez ekinen diogu independentziaren aldarria lau haizetara zabaltzeari”.

Martxoaren 14an Mendialdeko Independentzia Eguna antolatu dute Leitzan gazteak “elkartu, indartu eta independentziaren aldeko gazte dinamika berpiztu eta indartzeko” helburuarekin. Egun osoko egitaraua prestatu dute.
Goizean Atekabeltz gaztetxean mahai ingurua izanen da Ainhoa Etxaide (LAB), Saioa Iraola (Bilgune Feminista), Iratxe Delgado (Ernai) eta Aitzol Gil de San Vicenterekin (Gora Ikasleon Borroka), borroka ezberdinetatik prozesu independentistari egiten zaizkion ekarpenei buruz.

Eguerdian manifestazioa eginen dute “Mendialdeko gazteok independentzia!” lelopean, eta ondotik herri bazkaria. Arratsaldean kantaldia, elektrotxaranga eta gauean kontzertuak ere izanen dira, Gora Etorri, 2Zio, Bastardix eta DJ Bull taldeekin.

Gehiago