Marisolak Bazterretan jardunaldiak antolatu ditu EHGAMek Iruñean urriaren 4an
2025-ko irailak 27
Seigarren urtez jarraian antolatu dute Marisolak Bazterretan jardunaldia “gune askotan periferikotzat jotzen diren eztabaidak erdigunera ekartzeko”. Antolatzaileek azaldu duten bezala, eztabaida horiek “gure garapen pertsonalarekin eta, oro har, gizarteak bere sexu-izatea eta sexu-askatasuna bizitzeko duen moduarekin dute zerikusia”.
“Marisolak Bazterretan eztabaidarako, norbera aberasteko eta prestatzeko gunea da. Herritar guztientzako gune irekia da”, gehitu dute. “Kuir tresna erabiltzen dugu binarismoak, androzentrismoak, homofobiak, transfobiak, arrazismoak, kapazitismoak, lodifobiak eta klasismoak isilarazi dituzten diskurtso eta gorputzei ahotsa emateko. Ihes egiten diogu identitatearen normalizazioari. Feminismo inklusiboan eta transfeministan kokatzen gara”, zehaztu dute.
Aurkezpena Intsumisio Plazan egin dute bertan kokatu zen espetxe horretan errepresaliatu askoren artean “mundu hobe bat amesteagatik, koherentziaz jokatzeagatik, orduan derrigorrezkoa zen soldadutzari aurka egin zioten gazteak” izan zirelako. Ehgamek mugimendu antimilitarista babestu zuen eta marika intsumisioaren kontzeptua sortu zuen. “Izan ere, marika gisa armadari egin genion aurre, eta ez dugu ahaztu behar armada horrek oinarrizko zutabeetako bat zuela gizon guztiak trebatzea balio sexista, homofobo, matxista, belizista, uniformatzaile, oldarkor, diskriminatzaile, insolidario eta abarretan, sistema bidegabe bati eusteko”.
Gaurko testuingurua kontutan hartuz, non “gerra-espiral bat” ikusten den, inboluzio arriskua atzematen dute Ehgameko lagunek. “Inboluzio garaia bizi dugu, bai tokikoari dagokionez, bai mundu mailan; inboluzio demokratikoa da eta, orain dela gutxi arte nekez pentsa genezakeena gertatzen ari da: LGTBIQ+ komunitateak lortutako aurrerapen asko arriskuan daude (bai maila legalean, bai sozialean), eta zenbaitetan atzerakada argia ere bai. Eskuineko alderdi politikoek ez dute ezkutatzen LGTBIAQ+ legeak edukiz husteko edo indargabetzeko nahia. Horren ondorioz, ikusten dugu lege autonomikoak LGTBIAQ+ komunitateak eskatutakoaren kontrako norabidean aldatzen ari direla”.

Are gehiago, jendartean ematen ari diren hainbat diskurtso ere salatu dituzte. “Diskurtso biologizista kontraerasoa egiten ari da LGTBIAQ+ pertsonen eskubideak eta ikusgarritasuna lortzeko aurrerapausoak gelditzeko, bereziki trans, intersex eta ez-bitar pertsonen kasuan. Berriz ere mahai gainean jartzen ari dira emakume subjektuaren irakurketa murriztatzailea, trans emakumeei (bereziki)erasotzeko , eta, horretarako, argudio alarmistak erabiltzen dituzte, LGTBIQ+ pertsonen aldeko tratuetan (adibidez, kirolean), gizonen diskriminazioan, adingabeen ustezko zikiratzetan eta abarretan oinarrituta.”
Horiek guztiak “gorroto-diskurtso” bezala hartzen dituzte eta horiei aurre egiteko beharra azpimarratu nahi dute. “Patriarkatua diskurtso eta aliantza berriekin (politikoak, sozialak eta erlijiosoak) berrasmatzen ari da. Mugimendu erreakzionario horren aurrean, prest egon behar dugu bai maila teorikoan (argudioen aurka egiteko), bai erresistentzia-sareak lortzeko, eskubideak eta ikusgarritasuna sendotzeko, eta adi, ere bai, indar erreakzionario horiek agenda baldintza ez diezaguten: mundu errepresibo eta distopiko baten aurrean, guztion artean lan egingo dugu fronte disidenteak, aliantza transfeministak eta zisheteropatriarkatua hackeatzen duten diskurtsoak eraikitzeko”.
Urriaren 4ean izanen da hitzordua, larunbatarekin, Iruñeko Kondestable Jauregian. Hauek dira izanen diren hitzaldien ordutegia:
09:00 Sarrera eta materialen banaketa
09:15 – 10:35
- Mahaia
XAKE SEXU-BITARTASUNARI
Mer Gomez e Ira Hybris solastatuko dira
Albina Stardust bidaide
10:35 – 12:00 - Mahaia 2
AUTODEFENTSA TRANSFEMINISTA.
Irantzu Varela e Itziar Ziga solastatuko dira.
Bilgune Feministako lagun batek hartuko du parte marisolasean.
12:00etan Jardunaldia etena Palestinaren aldeko manifestazioara joateko
14:30 – 16:30 BAZKARIA
17:00 – 19:30
TAILERRA UTOPIA TRANSFEMINISTAK
VALLEKAS-EKO ARISKAS KOLEKTIBOA.
