Manifestazioa izango da larunbata honetan Iruñean “Borrokak ez du etenik. Amnistia osoa” lelopean
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta, 18:00etan Iruñeko Errekoleta Plazatik abiatuko da martxa. Patxi Ruiz euskal presoak egindako gose greba gogoratzeko eta espetxetako bizi baldintzak salatzeko eginen da manifestazio nazional hau.
2020-ko ekainak 23
Patxi Ruizek 31 egunez aurrera eramandako gose eta egarri grebek agerian utzi dute kartzelaren benetako izaera hiltzailea eta, hau gizartearen isla izanik, sistemaren benetako aurpegi torturatzailea ere. Presoaren pertsonalitatea apurtzea da kartzelaren helburua, jende obedientea eta irizpiderik gabekoa sortzea.
Preso politikoen kasuan, kartzelak helburu bikoitza dauka: batetik aipatutako asimilazio pertsonala gauzatzea eta, bestetik, militante presoa parte den mugimendu politikoa baldintzatzea. Preso politikoen aurka zuzendutako erasoak, pertsona baten kontrakoak ez ezik, kolektibo oso baten kontrakoak dira beraz.
Gauzak horrela, ezinbestekoa da kartzelako militanteen eta kalean ematen diren borroken arteko lotura egotea, batzuek besteak elikatzen dituztelako. Kartzelako Zuzendaritzak, Angel Luis Ortiz Gonzalez Espetxe Erakundeetako Idazkari Nagusiak eta PSOE eta Podemosen Gobernuak ezin zuten imajinatu ere egin preso politiko baten aurkako gehiegikeria zigorgabeek eta ondoriozko erantzunak herria esnatzeko baliogarriak izan litezkeela 2020. urtean. Errealitateak eta Patxiren borrokak, ordea, antolatuta dauden hainbat herri sektore borrokalariren existentzia agerian utzi dute. Kartzela eta kalearen arteko lotura eman da berriro.
Hala ere, ezin dugu ahaztu Patxik horrelako neurri bati heldu behar izan badio kalean orain arte behar bezain besteko indarra egin ez dugulako izan dela. Gose eta egarri greban zegoen bitartean behin baino gehiagotan aipatu genuen Patxiren bizitzari epeak agortzen zitzaizkiola. Gose greba utzita, arintzea sentitu dugu denok, Patxik berreskuratze prozesuari ekin diolako, baina kartzelatako baldintzak berberak izaten jarraitzen dute.
Hitz eman genuen Patxiren borrokaren lekukoa hartuko genuela, eta bide horretan manifestazio nazionala deitzen dugu. Ekainaren 27ko 18:00etan, larunbata, Iruñeko Errekoleta Plazatik abiatuta, Euskal Herriari “Borrokak ez du etenik. Amnistia osoa” lelopean burutuko dugun manifestazioan parte hartzeko deia egiten diogu.
Euskal Herria, 2020ko ekainaren 20a.