Manifestazioa eta ekitaldi independentista abenduaren 6an, Espainiako Konstituzio Egunean, Durangon

Abenduaren 6an independentziaren aldeko manifestazioa eta ekitaldia egingo du Independentistak Sareak Durangon “Espainiar Konstituzioa Herrien kartzela · Gora Euskal Errepublika!” lemarekin. Manifestazioa 12:30ean Landako gunetik abiatuko da eta, bukaeran, ekitaldi politikoa egingo da.

2017-ko azaroak 29

“Espainiar Estatuaren egituren barruan Euskal Herriak ez du inolako burujabetza aukerarik eta, gure etorkizun politiko, ekonomiko, sozial zein kulturala eraikitzeko ezinbestekoa den burujabetza, independentziaren bidetik bakarrik” etorriko dela uste du Independentistak Sareak.

Espainiako Konstituzioaren Egunean testu hau “guztiz ukatzailea” dela eta ez dituela oinarrizko eskubide zibil eta politikoak onartzen azpimarratu du Sareak. “Horrez gain, Estatuaren aldetik irakurketa guztiz interesatua egiten da edozein aldarrikapen politiko edo disidentzia erasotu eta desegiteko. Argi ikusi dugu Katalunian nola procès katalanaren aurkako tresna bilakatu den era antidemokratiko eta inposatzailean erabilita”, 155. artikuloari erreferentzia eginez. “Inoiz baino argiago ikusten da espainiar Konstituzioa Herrien kartzela dela, eta bera ospatzera behartu nahi gaituzten egunean ozen eta argi adierazi behar dugu hori” uste du Sareak.

Independentistak Sareak, abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren aurka eta Euskal Errepublika independientearen alde Durangon egingo duen mobilizazioan parte hartzeko deia egiten die herritar guztiei.

Gehiago