Malerrekan, Bertizaranan eta Baztanen jendetza bildu da Palestinaren aldeko martxan
«Ibaitik itsasora, Palestina aurrera!» oihukatuz, eta Israel egiten ari den genozidioa salatuz, aitzinera segitzen du Ibaitik Itsasora elkartasun martxak. Atzoko etapak Doneztebe eta Baztan lotu zituen, tartean, Bertizaranatik pasatuta, eta jende aunitzek bat egin zuen ekimenarekin. Gaur Doneztebetik Berara joanen dira.
2025-ko irailak 18
Iturria: Erran.eus
Doneztebeko kiroldegian egina zuten atzo hitzordua, eta herritarrek ez zuten hutsik egin, jendetza bildu baitzen Palestinaren aldeko martxarekin bat egiteko. Bidasoko bide berdean barna, Legasatik eta Narbartetik pasatu ziren, eta bi herrietako eskoletako ikasleek martxako lekukoa hartu zuten eskuetan. Handik Oronoz-Mugairira joan ziren, eta Amaia Elizagoienen bertso ederrak egin zion ongietorria martxari. Suhiltzaileak ere atera ziren, beraien babesa adieraztera. Eta herritarrek prestatutako hamaiketakoa eginda, Arraiozera abiatu ziren, eta han sandia izan zuten freskatzeko. Arraiozko eskolako lagunek ere bat egin zuten martxarekin, baita Lekarozko institutuko eta Elizondoko Lanbide Eskolako lagunek ere. 14:00 aldera txalaparta doinuekin egin zieten harrera Elizondoko plazan martxan parte hartzen ari zirenei. Ekitaldia ere bertan egin zuten, eta handik bazkaltzera joan ziren. Arratsaldean KaleARTE musikatuarekin borobildu zuten eguna.
Gaur Doneztebetik Berara
Gaur, ortzeguna, Doneztebetik Berara izanen da etapa. Ordu honetan, 08:30ean Merkatuko Plazatik aterako dira, eta bide berdean barna Berara ailegatuko dira. 14:30 aldera eginen diote harrera Beran, San Miguel zubian, eta handik Frantxia Halzuet Plazara joanen dira. 17:00etan dokumentala emanen dute Espidobaita Elkartean eta 19:00etan ekitaldia eginen dute Frantxia Halzuet plazan.
Palestinaren aldeko ekimenarekin bat eginez, Beran bertzelako ekitaldiak egiten ari dira. Alde batetik, joan den ortziralean erakusketa irekitzekoa zuten Labiaga Ikastolako areto nagusian, eta irailaren 27an eta 28an, 17:00etatik 20:00etara, berriz ikusgai izanen da.
Horrez gain, ortziralean, irailaren 19an, The Salt Of This Sea filma pantailaratuko dute eta irailaren 26an Omar filma. Irailaren 27an, berriz, hitzaldia izanen dute. Denak Labiaga Ikastolako areto nagusian izanen dira, 19:00etan.
Bihar Beratik Irunera
Irailaren 19an Bera eta Irun arteko etapako bidea eginen dute trenbidez, 09:00etan Berako Herriko Etxeko Plazatik abiatuta. 12:30 aldera Zaisara, Behobiara, ailegatuko direla aurreikusi dute. 13:30ean ongietorria eginen diete San Juan Plazan. Han eginen dituzte ekitaldia eta bazkaria. 17:00etan San Juan Plazatik abiatuta, manifestazioa eginen dute CAFek Irunen duen lantegira eta 18:00etan Genozidekin negoziorik ez lelopean elkarretaratzea eginen dute. Ondotik, kultur ekitaldia Lakaxitan izanen da.
Azken etapa Irundik Hendaiara
09:00etan Irungo San Juan Plazatik aterako da elkartasun martxa, eta 09:30ean Santiago zubian ongietorria eginen diete. 10:45ean Hendaiako Carrefour saltokiaren aitzinean salaketa eginen dute. 11:30ean Hendaiako Herriko Etxeko plaza-Gaztelu zahar-M. Leclerc bulebarra-Mimosa karrika ibilbidea eginen dute eta 12:30erako Sokoburuko merkatura ailegatzea aurreikusi dute. 13:00etan Izarraren plazan, Sokoburu aparkalekuan, hitzartzea eginen dute eta jatekoa eta edatekoa ere izanen da.
15:30etik aitzinera, berriz, 117 Itsasoaren bulebarrean, Terre Promise ikusgarriaz gain, Maddalen Arzallus eta Aitor Sevier bertsolariak ariko dira eta Xiberoots taldeak kontzertua emanen du.

