Malerreka, Bertizarana, Deierri eta Lezaungo herritarrek erabakitzeko eskubidea praktikan jarri dute

Malerrekan eta Bertizaranan %26,38ko parte-hartzea izan zen, eta Lizarraldeko herrietan ia %16koa.

2018-ko maiatzak 7

Aiaraldea, Gorbeialdea, Txorierri, Enkarterriak, Lizarraldea, Arakaldo, Igorre, Portugalete eta Malerreka eta Bertizaranako herritarrek ere erabakitzeko eskubidearen aldeko herri-galdeketan parte hartzeko aukera izan dute. Atzoko horiekin 200 herritik goititan egin dira herri-galdeketak.

Atzoko galdeketetan guztira herritarren %14,81ak hartu zuen parte, 13.667 boto bildu zituzten. Parte-hartze handiena Txorierrin izan zen. Herritarren %26,83ak eman zuen botoa. Malerrekan eta Bertizaranan %26,38k eman zuten botoa (761 bildu ziren). Lizarraldeko Deierri eta Lezaunen %15,95ek eman zuten bozka. Areago, Euskal Herri osoan atzo eginiko galdeketetan Zubietan izan zen parte-hartze handiena (%46,77).

Malerreka eta Bertizaranan 761 herritarrek erantzun zuten “Nahi al duzu nafar gisa burujabe izan etorkizuna libre erabakitzeko?” galdera, %96,98ak baiezkoa, %1,31k ezezkoa, %1,45ak zuria eta %0,26k baliogabea eman zutelarik.

Lizarraldeko Deierri bailaran eta Lezaunen 244 herritarrek erantzun zuten “Etorkizun ekonomiko-sozial-politikoaz erabaki dezakeen Nafarroa burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?” galdera, %99,18ak baiezkoa, %0,00k ezezkoa, %0,00ak zuria eta %0,82k baliogabea eman zutelarik.   

Galdeketaren harira, giro ederra izan zuten eskualde hauetan. Herritik eta herriarentzat urte osoan egindako lana borobiltzeko moduko giroa izan zuten, Nafarroan erabakitzeko eskubidearen alde, pauso bat gehiago emanez. Herri kirolak, talo-jatea, txokolatada, musa, mural margoketa… Antolatzaileen ahotan «zoragarria izan da».

Gehiago