“Makroetxaldek kutsatzen dute, eta epai honek abeltzaintza industrialaren eredu bat gaitzesten du, desagertu behar da”
2025-ko urriak 28
Caparrosoko makro-granjako Valle de Odieta enpresako bi zuzendari ingurumen delituagatik zigortu ditu Iruñeko Zigor arloko 2. epaitegiak. Urte beteko espetxe zigorra, 5.040€ko isuna eta 14 hilabeteko gaitasungabetze berezia abeltzaintzarekin eta nekazaritzarekin lotutako lanbide edo ogibiderako ezarri zaie.
Greenpeace talde ekologistak eta Sustrai Erakuntza Fundazioa pozik agertu dira Iruñeko Zigor arloko 2. Epaitegiak Valle de Odieta S.C.L. enpresa, Nafarroako Caparrosoko makrogranjaren jabea, ingurumen delituagatik zigortzen duen epaiarekin. Noviercaseko (Soria) makro-abeletxe proiektuaren sustatzaile bera da, duela bi aste Auzitegi Gorenak behin betiko geldiarazi zuena.
Epaiak “Valle de Odieta, SCL” enpresako bi zuzendariri urtebeteko kartzela-zigorra eta 14 hilabeteko isuna ezarri die, 12 €/eguneko (guztira 5.040 €), eta 14 hilabeteko gaitasungabetze berezia abeltzaintzarekin eta nekazaritzarekin lotutako lanbide edo ogibiderako. Erantzukizun zibil gisa, Soto de la Cuevako urmaela isuriaren aurreko egoerara itzultzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu beharko dituzte bi kondenatuek, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren ikuskaritzapean, baita herri-akusazioen kostuak ordaindu ere.

Sententzia hau 2021eko otsailean gertatutakoaz ari da, kutsadura gertakari larri bat gertatu zenean, enpresa honek bere instalazioetatik gertu zeuden nekazaritza-lursailak digestatoarekin “ureztatu” zituelako (Odietako mindak biometanizatzeko prozesuaren ondoriozko hondakina). Horretarako, eta ingurumeneko baimen bateratuan jasota egon gabe, ihinztadura bidezko ureztatze sistema erabili zuen.
Isurketak minda-isurketa handiak eragin zituen, eta benetako ur-jauziak sortu zituen inguruko sakanetan. Aragoi eta Arga ibaien beheko zatietako Kontserbazio Bereziko Eremuari (KBE) ere eragin zion. Galzorian dauden espezieen habitatak dira, hala nola bisoi europarra, apoarmatu europarra eta zenbait saguzar-espezie. Parke Naturalaren eta Errege Bardeako Biosfera Erreserbaren inguruko eremuei ere eragin zien.
Hainbat talde ekologista eta sozialek isurketa horiek salatu zituzten eta Nafarroako Ingurumen Fiskaltzaren aurrean ere egin zituzten salaketak. Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Greenpeacek herri-akusazio gisa parte hartu zuten auzian. Epaiketa irailaren 2an eta 12an izan zen.
“Aspalditik salatu duguna berrestera dator epai hau: makro-granjek lurzoruak eta akuiferoak kutsatzen dituzte. Horregatik, epai honek Valle de Odietarentzat ez ezik, ingurumenaren, pertsonen osasunaren eta animalien ongizatearen aurka egiten duen abeltzaintza industrialaren eredu bat gaitzesten du, eta Nafarroatik eta planetatik desagerrarazi behar da” adierazi du Sustrai Erakuntza Fundazioko Pablo Lorentek.
Ekologistek nabarmendu dute epai honek kolokan jartzen duela Nafarroan zabaltzen ari den abeltzaintza industrialaren eredua “ingurumenari, lurraldean finkatutako familia abeltzaintzari, pertsonen osasunari eta animalien ongizateari erasotzen diona”, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diote beste eredu baten aldeko apustua egitea eta lehen sektorearen etorkizuna bermatzea.
Merke ateratzen da kutsatzea, ingurumena defendatzea baino merkeagoa
Greenpeace erakundeak, bere aldetik, gogorarazi nahi izan du aurreko prozedura batean 8 ekintzaileri ia 30.000 euroko isuna ezarri zitzaiela. “Epai hau txalotu arren, Nafarroan eta oro har Espainiako Estatuan, ingurugiroa suntsitzea defendatzea baino merkeago ateratzen dela ere berresten digu. Ingurumenaren defentsan protesta egin genuen ekintzaileok ordaindu behar izan genituen isunak ingurumen delituagatik Valle de Odietako zuzendariek ordaindu beharko dituztenak baino 5 aldiz handiagoak dira. Honek horrela izaten jarraitzen duen bitartean, gure bioaniztasunak arriskuan jarraituko du.” adierazi du Lorea Flores Nafarroako Greenpeaceko koordinatzaileak
Lehen balorazio hau egin ostean, datorren ostiralean agerraldia eginen dutela iragarri dute Greenpeacek eta Sustrai Erakuntzak epaiaren eta bere ondorioen balorazio sakona egiteko.
