Maiatzaren Lehena Euskal Herrian: gerraren eta langile klasearen pobretzearen aurkako mobilizazioak
EHKS, CGT, CNT, ESK eta Solidari sindikatuek kaleak hartzera deitu dute kapitalismoaren, inperialismoaren eta desberdintasun sozialen aurka borrokatzeko
2026-ko apirilak 23
Maiatzaren Lehenean, hainbat mobilizazio eginen dira Euskal Herriko hiriburuetan, EHKS, CGT, CNT, ESK, Solidari sindikatuek deituta, langile klasearen pobretzearen, gerren eta desberdintasun sozialen aurka.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) Iruñean egingo du manifestazio nazionala, gerra inperialistaren aurkako aldarriarekin. Antolatzaileen arabera, Mendebaldeko oligarkiak (AEBak eta Israelek) mundua “gerra testuinguru” batera eramaten ari dira, eta horren ondorioak langile klaseak pairatzen dituela diote. NATOren, Europako Batasunaren eta sionismoaren aurka mobilizatuko direla iragarri dute, eta langileriari nazioartean antolatzeko deia egin diote, alternatiba sozialista eraikitzeko bidean.
Bestalde, ESK sindikatuak, CGT, CNT, ESK eta Solidari sindikatuekin batera, kapitalismoaren eta inperialismoaren aurkako mobilizazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Haien arabera, “hemen murrizketak sinatzen dituzten esku berak, han bonbak finantzatzen” ari dira, eta horren aurrean kalera ateratzeko beharra nabarmendu dute. Martxoko greba orokorra gogora ekarrita, salatu dute patronalek eta gobernuek ez dietela erantzunik eman langileen aldarrikapenei, besteak beste 1.500 euroko gutxieneko soldatari.
Sindikatu hauen ustez, azken urteetako krisiek (finantzarioek, sanitarioek zein belikoek) dinamika bera errepikatu dute: enpresen irabaziak handitu eta langileen bizi baldintzak okertu. Enpleguaren suntsiketa, prekarietatea eta zerbitzu publikoen ahultzea nabarmendu dituzte, eta ohartarazi dute gastu militarra handitzeko politikek egoera are gehiago larriagotuko dutela.
Ikuspegi feministatik eragileek, azpimarratu dute desberdintasun horiek genero, jatorri eta klase oinarriak dituztela. Emakumeek (bereziki migratuek eta arrazializatuek) baldintza prekarioagoak pairatzen dituztela salatu dute: soldata baxuagoak, lan ezegonkorragoak eta zaintza lanen zama handiagoa. Gainera, prezioen igoerak, etxebizitza eskuratzeko zailtasunek eta zerbitzu publikoen murrizketek emakumeen pobretzea areagotzen dutela ohartarazi dute. Azpimarratu dute pobrezia ez dela kasualitatea, baizik eta kontrol tresna bat, eta sistemak beldurra eta segurtasunik eza erabiltzen dituela bereziki emakumeengan. Testuinguru globalean, gainera, ultraeskuinaren gorakada, migrazio politika murriztaileak eta gatazka armatuak aipatu dituzte desberdintasunak areagotzen dituzten faktore gisa.
Horregatik sindikatuek bat egiten dute, egungo sistema ekonomiko eta politikoaren aurrean alternatiba eraikitzeko beharran. Mobilizazioek, beraz, langile klasearen pobretzearen, gerra inperialistaren eta desberdintasun sozialen aurka, langile klasearen erantzuna antolatzea izanen dute oinarri.

