Maiatzaren 7an, nafarren hizkuntz eskubideak errespetatuko duen Merezimenduen Dekretu baten alde kalera ateratzeko deia

Merezimenduen Dekretuaren "norabide atzerakoia" salatzeko eta euskaraz bizitzeko eskubidearen alde agertzeko «Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat» lemapean manifestatzera deitu du Kontseiluak maiatzaren 7an Iruñean.

2022-ko martxoak 29

Urtarrilean, Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetako lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen Dekretuaren zirriborroa aurkeztu zuen, Merezimenduen Dekretua gisa ezaguna. Orduan, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak «atzerapauso onartezintzat» jo zuten Gobernuaren asmoa.

Merezimenduen Dekretuaren “norabide atzerakoia” aldatzeko xedez, Kontseiluak «Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat» lemapean manifestatzera deitu ditu Nafarroako osoko herritarrak. Manifestazioa maiatzaren 7an, larunbatarekin, arratsaldeko 17.30ean Antoniutti parketik abiatuko da.

Paul Bilbaok azaldu duenez, euskal hiztunak gutxiesten zireneko garaiak amaitu zirela uste bazuten ere “tamalez, ez da horrela”. Gaur egun Nafarroan dagoen Euskararen Legea eta ezartzen duen zonifikazioa “jatorrizko gaitza” dela onartu arren, azken dekretu honen zirriborroaren atzean diskriminaziorako saiakera berri bat ikusten dute.

Ez da justua, ez eta onargarria ere
“Justiziaz harago, badago, inolako zalantzarik gabe, edozein logika, edozein muga gainditzen duen erabakirik: Nafarroako administrazioko hainbat eta hainbat lanpostutan ofizialak edo berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza euskararen ezagutzaren gainetik jartzea. Hain zuzen ere, ingelesari, alemanari edota frantsesari euskarari baino garrantzi handiagoa ematea”, salatu du Bilbaok. Eta zehaztu du eremu misto delakoan “hau ez dela inoiz gertatu”, ezta “euskaldunen kontrako politika bortitzak garatzen zituztenean ere”. Horregatik ez dute ulertzen nola onartu daiteke “bertako eta berezko hizkuntzaren ezagutzaren balorazioari muzin” egitea “eta atzerriko hizkuntzak normaltasun osoz kontuan hartzea”.

Bestalde, Nafarroako aurreko Gobernuak urrats batzuk egin nahi izan zituen, baina Auzitegiak kamustu zituen asmoak. “Halere, izan zen Auzitegiaren atzaparretatik libratutako neurririk. Tamalez, Gobernuak orain Auzitegiak onartutakoa ere ezabatu nahi du. Horrek erakusten du, beraz, Merezimenduen Dekretu berriaren helburua ez dela Auzitegiak baliogabetutakoari irtenbidea ematea. Aitzitik, horrek erakusten du Gobernuak intentzionalitate osoa duela euskaldun eta euskal hiztunon eskubideak zokoratzeko”, deitoratu du Bilbaok.

Berriki, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Gobernuko egoeraren diagnosia aurkeztu du. Horren arabera, lanpostuen %3ri baino ez zaie eskatzen euskararen ezagutza; eta departamentu batzuetan, %2 baino gutxiagori. Are gehiago, lau departamentutan euskararen ezagutza ez da derrigorrezkoa lanpostu batean ere. Ondorioz, horren eskakizun eskasekin, euskararen ezagutzaren balorazioan jauzia egin ezean, euskaldunon gutxiespena orokorra izango dela aurreikusten du Behatokiak.

“Zorionez, gero eta euskaldun gehiago gara Nafarroan. Zorionez, ezagutza-tasa gorantz doa. Egia da, bai, ez doala guk nahiko genukeen abiaduran, baina badoa. Kontua da herritar horiek automatikoki baztertzen direla administraziora jotzen dutenean. Nafarroako administrazioak ia sistematikoki urratzen dituela bere herritarren eskubideak”, salatu du Paul Bilbaok.

Herritarren eskubideak jokoan
Kontseiluaren bozeramailearen hitzetan herritarrek administrazioan berezko hizkuntzan jarduteko duten eskubideaz hitz egin behar da. “Ez gara ari gauza abstraktu batez, administrazioan euskaraz jarduteko eta erantzuna euskaraz jasotzeko eskubideaz ari gara. Bada, modu bakarra dago herritarrei eskubide hori bermatzeko, arreta euskaraz eskaintzea, eta hori lortzeko modu bakarra dago: langile elebidunak hartzea”. Eta horretarako baliabideak jarri behar direla aldarrikatu dute.

Eskubideak guztiontzat
Horregatik guztiagatik, kalera atera beharra ikusten du Kontseiluak. “Batetik, ikusgabe egin nahi gaituen horri aurre egin, eta izan bagarela, hemen gaudela erakusteko eta berresteko. Ez dago euskal hiztunon komunitatea desagerraraziko duen legerik, ez dago euskaraz bizitzeko borondatea desagerraraziko duen dekreturik”.

Hortaz, herritarrei dei egiten diete maiatzaren 7an, larunbatarekin, arratsaldeko 17.30ean Euskalgintzaren Kontseiluak Antoniutti parketik abiatuko duen manifestazioan parte hartzeko. “Orain da unea «Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat» ozen aldarrikatzeko”, esan du Bilbaok.

Gehiago