Maiatzaren Lehenean ELAk borroka eginen du LGS Nafarroan erabaki dadin
ELAko militanteak kalera aterako dira Iruñean justizia sozialaren alde eta faxismoa zein inperialismoaren aurka borrokatzeko
2026-ko apirilak 22
Maiatzaren Lehena Nafarroako LGS bat lortzeko (aurten gutxienez 1.500 euro) mugarria izan behar duela adierazi dute ELAko kideek. Imanol Pascual (Nafarroako koordinatzailea) eta Saioa Urrizak (eskualdeko arduraduna) Iruñean emandako prentsaurrekoan, azaldu dute, ELAren eta milaka militanteen eginbeharra, geroz eta basatiagoa den kapitalismoaren ondorioei aurre egitea dela: inperialismoa, gerra eta, sakonean, faxismoaren aurka borrokatzea. Bilbon eta Iruñean (11:30etan Erorien monumentuan) eginen dira mobilizazioak, ‘SMI 1.500; Jo ta ke, hemen erabaki arte’ lelopean. Aurtengo Maiatzaren Lehenean, ELAk demokraziaren eta burujabetza sozialaren defentsan borroka eginen du; beste aldarri batzuk ahaztu gabe, azaldu dutenez, 1.500 euroko LGSaren aldarrikapenak biltzen bait ditu borroka guztiak bat egiteko osagaiak.
Esaterako, M17ko greba orokorrerako prozesuan Emakumeon Eguna ospatu zuten, ‘LGS 1.500: Justizia feministarantz!’ lelopean. Bertan, ELAk, egun LGS jasotzen dutenen ia bi heren emakumeak direla salatu zuen; emakumeek pairatzen dituztela prekaritate egoerarik gogorrenak, eta sektore feminizatuak direla aitortza sozial gutxien dutenak. Eta gainera, oraindik ere, generoko soldata-arrakala % 13koa dela EAEn eta % 20koa Nafarroan. Greba orokorraren ondoren, Arrazismoaren kontrako Eguna izan zen. Egun horretako leloa: ‘Klase borroka antirrazista izango da; LGS 1.500, justizia sozialerantz!’ izan zen; izan ere, bertoko eta migratutako langileen arteko soldata-arrakala Hego Euskal Herrian %30ekoa baino handiagoa dela salatu zuten, eta beraz, hemen finkatutako LGS baten onura handiena migratzaileek izango luketela diote ELAkoek. Horregatik, aurtengo Maiatzaren Lehenean eskari hori eginen diete patronalei, gobernuei eta alderdi politikoei.
Bestalde, ELAk 2025eko Urtekaria ere aurkeztu du: “Langileria antolatuz, gizartea eraldatzen dugu. Más sindicato, más victorias, más vida”. Argitalpenak 2025ean lortutako 91 garaipen sindikal jasotzen dituela azaldu dute. Saioa Urrizak azpimarratu du sindikatuak langileen bizi-baldintzak hobetzen laguntzen duela, Madrildik inposatutako arau-esparruari aurre eginez. “Garaipen horiekin, ELAk lan harremanenberezko esparru baten alde egiten du, praktika sindikalaren bidez”. Urtekaria hilabeteka antolatuta dago eta ia 100 garaipen sindikal biltzen ditu, protagonisten elkarrizketekin (ordezkari sindikalak, militanteak eta zerbitzu juridikoak), gatazka eta akordiobakoitzaren oinarrizko datuekin, argazkiekin eta sindikatuaren eraginkortasuna azaltzen dutengako-datuekin: aurrekontu-sarreren xehetasuna (autonomia ekonomikoa), erresistentzia-kutxaren indarra (2025ean 3.991 lagunek jaso zuten) eta afiliatuei eskaintzen zaizkienzerbitzuak (zerbitzu juridikoak, etab.).
Bukatzeko, ELAko kideek adierazi dute LGSa propio lortuta, gero eta nabariagoa den beste printzipio bat frogatuko dela: Nafarroaren burujabetza areagotu beharra dagoela. “Zenbat eta gertuago erabakigunea, neurri politikoak are eta justuagoak izango dira. Behintzat hemen, non mugimendu sindikalaren mobilizazio gaitasuna gero eta handiagoa den eta ELAren autonomia politiko eta ekonomikoak bermatzen duen helburua argia dela, eta bidea, beti zuzena: Langile-klase bakar baina anitzaren defentsa, antirrazista, transfeminista, euskaltzalea, ekosozialista… Eta gaur, inoiz baino areago, antifaxista.” gehitu dute amaitzeko.
