Madrilen erdietsitako pentsionen inguruko akordioak ez duela pentsio sistema publiko duina bermatzen dio LABek
Pentsio sistema publikoa ahulduko duen erreformaren parte dira iragarritako neurriak, LAB sindikatuaren esanetan, eta langile eta pentsiodunen aldarriei uko egiten dietela nabarmendu du.
2021-ko ekainak 28
LABen ustez Elkarrizketa Sozialaren bidez Madrilen adostutakoak ez dira euskal langileok eta pentsionisten mugimenduak urteotan aldarrikatzen ditugun neurriak eta kalean tamainako erantzuna emateko beharrizana geroz eta handiagoa da.
Astelehen honetan, beste behin milaka pentsiodun kalean dauden egun berean, Madriletik pentsio sistemari begirako neurri berrien albistea jaso dugu. Lege proiektu bidez jaso eta Espainiako parlamentuan landuko badira ere, hainbat neurri zehatz ezagutarazi dituzte, bai patronal, Gobernu eta CCOO eta UGT sindikatuek positiboki baloratu dituztenak. Akordioaren zehaztasunen faltan, honakoa da LABen uneko balorazioa:
2011ko pentsio erreformak ezarri zituen murrizketak bere horretan mantentzen dira. Euskal Herriko gehiengo sindikal eta sozialak deituriko Greba Orokorrarekin oso argi adierazi genuen erreforma horren aurkako jarrera. 2019ko Greban ere, beste neurri batzuekin batera, pentsio sistema publiko duinaren aldarrikapena jaso genuen.
Adostasun berri honek ez ditu ez pentsio sistema publikoa, ez pentsio duinak bermatzen. Pentsioak KPI-ra lotzea bidezkoa den neurria da zalantzarik gabe, baina kezkagarria da Jasangarritasun faktorea bertan behera utziko dela esan eta jarraian belaunaldien arteko elkartasunaren izenean bestelako adierazle baten beharraz hitz egitea. Alegia, izena aldatuta, norabide berean sakontzeko borondatea agerikoa dela uste du LABek. Pentsio duinak bermatzeko, soldata prekarioekin amaitu, kotizazio topeak altxatu, pentsio sistema osagarrien aldeko apustua albo batera utzi eta finantziazio nahikoa izango dela bermatu behar da.
Bestalde, erretiroa zaildu eta honetarako adina luzatzeko pizgarriak iragarri dituzte. Argi eta garbi langileon kontrako erabakia da honakoa. Erretiro adina aurreratu eta sustatzea da behar duguna eta gazteriaren enpleguratzea erraztu. Lana banatu eta bizitza duina bermatzea izan behar da lehentasuna, eta norabide hori da hartutako neurriek jarraitu beharko luketena. Horregatik LABek erretiroa 60 urteetan gauzatzea aldarrikatzen du.
Ezin gara Madriletik datorrenari begira geratu. Euskal langileok ez dugu Madriletik soluziobiderik espero. Behar beharrezkoa dugu hemen eta orain gizarte segurantza propiorako egitasmoa edukiz bete eta beronen alde borroka egitea. Pentsio sistema propioa da behar duguna. Pentsio publiko, unibertsal eta duinak bermatzeko aukera bakarra da LABen iritziz, eta horregatik jaso dugu gure Programa Sozioekonomikoaren baitan Gizarte Segurantzarako lege proposamena. Akordioak eraiki eta bidea egiten jarraitzeko unea da.
Maiatzaren 29an Hego Euskal Herriko pentsiodunekin eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin batera pentsio sistema publiko eta duina aldarrikatu genuen. Pentsio eta lan erreformak bertan behera gelditzea, 1.080 eurotako pentsio minimoa eta sexu arrakala gainditzeko neurriak aldarrikatu genituen besteak beste.
Norabide honetan eta Maiatzaren Lehenean esan genuen bezala, LAB sindikatuaren ustez, besteren artean lan erreforma ez derogatzea eta tantaka iragarritako murrizketaz beteriko pentsio erreformak nahikoa pizgarri badira erantzun kolektibo, orokor eta indartsua emateko.