#M27Greba: Milaka ikasle kalera atera dira LOMCE eta murrizketen aurka
Euskal eskola nazionala aldarrikatuz, milaka lagunek parte hartu dute burutu diren mobilizazioetan. Poliziarekin istiluak izan dira egun osoan zehar Iruñean.
2014-ko martxoak 27
Antxon Barberiak, Ikasle Abertzaleak-eko bozeramaileak, adierazi du azken urteetan Nafarroan izandako ikasle grebarik arrakastatsuena izan dela. Barberiak azaldu du Iruñerriko ikastetxeetan eta NUPen jarraipena ia osoa izan dela eta mendialdean zein Lizarraldean erabatekoa. Iruñetik hegoaldera, ordea, jarraipena urriagoa izan dela adierazi du.
Iruñean eguerdian egindako manifestaldian 2500 gaztek parte hartu dute antolatzaileen arabera.
Kargak eta atxiloketak
Manifestaldia Parlamentu parean bukatu da eserialdi batekin. Kargak hasi dira eta Foruzaingoak Polizia Nazionalarekin elkarlanean gazte bat bortizki atxilotu du (ikusi bideoa). Bestalde, Gipuzkoa etorbidean Udaltzaingoak beste gazte bat atxilotu du gutxienez.
Polizia kargen ostean istiluak Alde Zaharrera zabaldu dira. Polizia iturrien arabera gutxienez 4 pertsona atxilotu dituzte, baina komunikabide batzuek 8 atxiloketa izan direla esaten ari dira.
Arratsaldean ere istiluak
Gaztiak Planto ekimenak arratsalderako deituriko manifestazioa Espainiako gobernuaren ordezkariak debekatu ostean, beste mobilizazio bat egin da. San Frantzisko plazatik abiatu da eta Alde Zaharreko kaleetan ibili dira manifestariak, baina azkenean polizia oldartu zaie, eta istilu larriak izan dira. Gutxienez pertsona bat atxilotu du poliziak.