LOMCEren aurka aterako dira kalera ikasleak larunbata honetan Iruñean

Manifestazioa deitu du Ikasle Abertzaleak. Iruñeko San Franzisko plazatik abiatuko da 18:00etan.

2014-ko maiatzak 28

Ikaslea "objektu eta ez subjektu gisa hartzen duen eta merkatu askea darabilen sistema ekonomikoaren mesedetara" dagoen hezkuntza salatzeko mobilizazioa deitu du Ikasle Abertzaleak Iruñean. Hezkuntza sistema honek, euskal kultura eta hizkuntza baztertzen dituela eta "ikasle español, akritiko eta mekanizatuak" hezten saiatzen duela salatu dute.

Datozen urteetan, Hego Euskal Herrian inplantatuko diren LOMCE, Heziberri eta EU2015 erreformekin, "are latzagoa" suertatuko zaie ikaslei hezkuntza.  "Hiru esparru ezberdinetan pairatuko ditugu euskal ikasleok erreforma hauen estrategia: nazio zapalkuntzaren arloan, ez baitute Euskal Herria aintzat hartuko ezta bere izaera kulturala ere ez; klase zapalkuntzan lan merkatuan sartzeko hezten gaituztelako eta denok dakigu merkatu hori gutxi batzuen esku dagoela, eta sexu zapalkuntzan, segregazioa eta balore sexistak bultzatzen diren aldetik", azaldu du Ikasle Abertzaleak.

Espainiar Gobernuari aurrera pausuak eman beharrean "antzinako hezkuntza sistema" ezarri nahi izatea leporatu diote. Honen aurrean, Ikasle Abertzaleak alternatiba badagoela azpimarratzen du. "Erreforma sexista, zentralizatzaile eta kontserbadore honen aurrean, Ikasle Abertzaleok intsumisioaz, desobedientziaz eta edozein baliabideren bitartez, Euskal Herrian geure hezkuntza eredu propioa eraikitzeari ekinen diogu".

LOMCE, Heziberri eta EU2015 erreformeen aurrean ikasleak mobilizazio iraunkorreko egoeran jarraitzen dutela gogoratu dute, eta martxoaren 27an Euskal Herrian eman zen ikasle greba arrakastatsuaren ondoren, datorren larunbatean maiatzaren 31n 18:00etan San Frantzisko plazatik manifestazioa eginen dute.

 

Gehiago