Lizarrietako mugako pasabideen itxiera salatu du EH Bilduk
200 pertsona inguru elkartu dira gaur eguerdian Lizarietako lepoan pasabideen itxiera salatzeko eta Euskal Herrian mugarik ez! aldarrikatzeko. Elkarretaratzea EH Baik eta EH Bilduk deitua zen eta alderdi horietako hautetsi, parlamentari eta ordezkari politikoez gain (Bel Pozueta, Pernando Barrena eta Nikolas Blain), Sara, Etxalar, Bera, Zugarramurdi eta Urruñako alkateak ere izan dira, bertzeak bertze.
2021-ko otsailak 14
«Europar akordioek babesten duten herritarren mugimendu askatasuna ez dela betetzen ari» nabarmendu du Pernando Barrena europarlamentariak, eta horrek mugaz bi aldeetako jendearengan dituen ondorioak salatu ditu.
Bide beretik, «terrorismoaren kontrako aitzakiapean hesi batzuk inposatzen dizkigutela» salatu du Nikolas Blain EH Baiko eledunak, eta hesi horiek dituzten eragin zuzenak azaleratu ditu. «Gure egunerokotasunean ondorio zuzenak dituzte. Gure bizitzen egunerokoa eta usaiak zapaltzen dituzte». Zentzu horretan, «abertzaleak izan edo ez», jende ugari «kexu» dela baieztatu du. «Jendeak ez du ulertzen nola borrokatzen den terrorismoa zortzi muga itxita gainontzekoak irekita daudelarik».
Sinadura bilketa bat abiatua dute alderdi abertzaleek «pasabideak berriz irekitzea eta dispositibo militar eta poliziala altxatzea exijitzeko». «Zentralismoaren aitzinean, inoiz baino behar handiagoa sentitzen dugu nazio eta herri bezala bizitzeko, erabakitzeko eta, baliabide eta tresnak indartzeko», adierazi zuten ohar baten bidez.
Mugen itxierak europarron mugikortasun librerako eskubidea urratzen du!
Frantzia eta Espainiari mugak irekitzea eskatu diogu Etxalarko Lizarrieta gainean @EHBai|rekin batera egindako ekitaldian.