Lizarran izandako lan istripuan 56 urteko behargin bat hil da

Lizarrako langilearen heriotzak 48ra igo du Euskal Herrian aurten lanean hildako langileen kopurua; horietako 15 Nafarroan.

2024-ko urriak 18

Gaur goizeko 10:45ak aldera leherketa handi bat izan da Lizarrako ardogintza sektoreko Agralco S. Coop enpresan. Horren ondorioz, Villatuertako Lamaison enpresako 56 urteko langile bat hil da, mantentze-lan industrialetan aritzen zena. Bertze heriotza honekin, gutxienez 15 langile hil dira aurten Nafarroa Garaian.

LAB eta ELA sindikatuek gogor salatu dute heriotz berri hau. Izan ere, aste honetan bertan sindikatuak mobilizatu egin dira izandako lan istripu hilgarriak salatzeko. Gogoratu dutenez, gutxienez 48 lagun hil dira aurten Euskal Herrian euren lan postuetan.

LAB sindikatuak salatu du foru erkidegoa Espainiako Estatuaren buruan dagoela lan istripuei dagokienez, eta exijitzen du Nafarroako Gobernuak “lehenbailehen bere gain har ditzala lan ikuskaritzaren eskumenak eta beharrezko baliabideak jar ditzala enpresarien gaineko kontrola sakona eta eraginkorra izan dadin”.

ELAk Nafarroako Aurrekontu Orokorrak negoziatzen ari diren alderdi politikoei eskatzen die “uko egin diezaiotela Prebentziorako Lurralde Ordezkariaren figura finantzatzeari, eta zenbateko ekonomiko nahikoak eslei ditzatela Nafarroako lantokietako segurtasun-baldintzak kontrolatzeko premiazko neurriak ezartzeko, lan-ikuskaritzako plantilla hirukoiztea barne”. Aldarrikapen horren alde, ELAk elkarretaratzea deitu du datorren astearterako, urriaren 22rako, 12:00etan, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean.

Gehiago