Lizarraldeko ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko Denendako elkartea berpiztu dute
Lizarran eta zonaldeko herrietan bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatzen du sareak, eta ekonomia pertsonen zerbitzura egongo den eredu ekonomikoa bultzatu nahi du. 30 proiektu baino gehiagoren babesa duen erakundeak bulego bat izango du Lizarrako autobus geltokian.
2023-ko ekainak 26
Denendako Ekonomia Sozial Eraldatzailearen proiektu-sarea indartsu aktibatuko da Lizarran eta haren Merindadean proiektu berriak sor daitezen bultzatzeko. Aurkezpen-ekitaldian ostiralean egin zuten eta bertan sareko zenbait proiektuen partaideak izan ziren, eta Lizarraldeko ekonomia sozialaren aldeko adierazpena irakurri zen. Halaber, elkarteak Lizarrako autobus-geltokian (Koroatze plazan) izanen duen bulegoa aurkeztu zen.
Hauspotu programaren bidez berpiztu den Denendako elkartearen helburua da ekonomia pertsonen zerbitzura egonen den eredu ekonomiko bat bultzatzea Estellerrian. Era berean, gizarte justuagoa eta solidarioagoa sortzen lagundu nahi du, interes sozial eta kolektiboko ekimenen garapena sustatuz eta bultzatuz.
Ildo horretatik, Lizarran eta Merindadeari bizia ematen dioten udalerrietan bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatzen du. Halaber, Lizarran etorkizuna eraiki nahi duten ekintzaileen ekimenak indartu eta bultzatu nahi ditu, belaunaldien arteko erreleboa sustatu, eta, Merindadean saltokien eta zerbitzuen galerari aurre egin. Hori guztia ingurumena errespetatuz eta ekonomia berde eta feministaren balioen babespean sustatu nahi du.
Helburu horiek lortzen saiatzeko, Denendako elkartea ibilbide-orri bat marrazten hasi da.
2013tik ingurunea aldatzen
Denendako elkartea 2013. urtean jaio zen, Lizarrako lagun-talde batek, krisi ekonomikoaren erdian, eskualdean bizitzen eta lanean jarraitzeko apustua egin zuenean, hots, migrazio ekonomikoari aurre eginez, eta euren bizitzak eta etorkizuna beren herrietan eraikitzearen aldeko apustua eginez. Testuinguru hartan, Lizarraldean erreferentziazkoak izaten jarraitzen duten proiektuak sortu ziren, hala nola Mugitu Abentura, Uztaldi, Lur Soinuak edo Txiritinga.
Denendako elkartearen fase berri honetan, Lizarrako eta eskualdeko hogei proiektu baino gehiago batu dira: Isoki, Kukuta Ludolab, Lezaun Upategia, Ametsa Produkzioak, Dragon Cómics, Iñaki Luthier, Baku Barrikupel, Zunbeltz egurrak, Aritzaleku Kanpina, Axier LizarrArtesanias, Axuribeltza Gasnategia, Eureka zientziaren dibulgaziorako gunea, BE&lab, Txandia Landaetxea, Berhezi, Ametsa Taberna, Katxetas Jatetxea, BioLizarra, Laket Bio, Artean, La Panpinela, Extrucutras Unai Torregrosa, Gailu, Arro ardikiak, Ekolore, eta aipaturiko Mugitu Abentura, Uztaldi, Lur Soinuak eta Txiritinga. Helburua da indarrak metatze jarraitzea eta sarea sendo ehuntzen jarraitzea.
Horrekin guztiarekin batera, Denendako sareak harremanak indartu nahi ditu tokiko erakundeekin, baita udalez gaindiko eragile eta entitateekin. Izan ere, argi du “Lizarraldeak behar duen eraldaketa sozioekonomikoa bultzatzeko, ezberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa” dela eta “guztien artean lan eginez bihurtuko dutela eskualdea bizitzeko, lan egiteko eta bizitza proiektuak eraikitzeko”.