Lizarrako Udalak txosnekiko eta La Bota peñarekiko duen “aldebakarreko jarrera antidemokratikoa” salatu du oposizioak

2024-ko uztailak 26

UPNren gobernu taldeari jarrera berraztertzeko, eztabaida errazteko eta gainerako taldeen informazio eskubidea errespetatzeko eskatu diote. Taldeek bi mozio erregistratu dituzte, astelehenean, uztailaren 29an, udalbatzan eztabaidatu eta bozkatzeko.

Lizarrako La Peña La Bota eta Lizarrako Festagiro Taldearen inguruan Lizarrako Alkatetzak eta Kultura eta Festetako Saileko lehendakaritzak erakutsi duten jarrera salatu dute EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Zurekin udal taldeek. “Bi eragile hauek azken hamarkadetan hamaika ekintza antolatu dituzte eskuzabaltasunez eta jendarteari adina guztietarako kultur programazio aberats eta anitza eskainiz. Horregatik, gobernu talde honek hartzen ari dituen erabaki hauek salatu nahi ditugu, jasanezinak direla azpimarratuz, negoziaziorik gabeko pausuak emanez eta erabakiak aldebakartasunez eta antidemokratikoki hartuz”, adierazi dute gaur goizean prentsaurrekoan.

EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek uste dute Lizarrako jaien ezaugarri nagusia izan dela “kolektiboek eta hiriko elkarte-sareak erantzukizun handia izan dutela jai horiek antolatzeko orduan”, eta uste dute, era berean, “erakundearen erantzukizuna dela antolaketa erraztea eta horretan laguntzea, ekitaldi guztiak ahalik eta pluralenak eta arrakastatsuenak izan zitezen”. Horregatik, gobernu-taldeari eskatu diote berriro azter dezala jai-eremua aldentzeko erabakia eta La Bota peñari txosna Santiago plazan kokatzeko debekua.

Udal taldeetako ordezkariek, era berean, gainerako talde politikoei informazioa emateko orduan “demokraziarik ez” dagoela kritikatu dute: “Informazio falta, batzordeak deitzeko izaten ari duen ardura falta eta kaltetutako eragileekin zein talde politiko guztiekin esertzeko ezezkoak argi uzten du UPNren lan egiteko modua, informazioa eskaini gabe eta aldebakartasunez erabakiak hartuz. Estella-Lizarrako udalaren osaketa anitza eta ezberdina da ere. Guztion iritziak kontutan ez hartzea eta ordezkaritza politiko osoa ez informatzeak hiritar ororen iritzia kontutan ez hartzea suposatzen du”. Hala, kultura arloko lehendakariari jarrera aldatzeko eskatu diote, “gainontzeko zinegotziei informazioa helarazteko duen erantzukizuna kontutan hartu dezan, beti ere hartzen dituen erabakiak eztabaida demokratiko baten zein gainontzekoen iritziak kontutan hartuz har ditzan”.

Taldeek bi mozio erregistratuko dituzte datorren astelehenean, uztailaren 29an, egingo den hurrengo osoko bilkuran eztabaidarako eta bozketarako. “Gure herriko elkarte zein eragileek jaiak antolatzerako garaian duten erantzukizuna ezinbestekoa eta oinarrizkoa da eta izan behar da eta, horretarako, instituzioak bere eskuetan dituen baliabide oro eskaini behar ditu ikuspegi kolaboratzaile eta kooperatibo batetik. Izan ere, festak herritik eta, batez ere, herriarentzat izan behar baitira”, adierazi dute.

Gehiago