Lizarrako gaztexeak Gobernuarekin mediazio prozesu bat abian jarriko du, baina ez dute espazioa utziko

Sugarra Gaztetxeko kideek baieztatu dute Nafarroako Gobernuarekin elkarrizketa prozesu bat abian jarri dutela, gaur egungo Gaztetxean euren proiektua garatzeko baldintzak bermatzeko. Gobernutik adierazi diete eraikin horretan gazteentzako pisuak eta larrialdi kasuetarako 2 etxebizitza egin nahi dituztela. Bi proiektu nola egin bateragarriak da orain aztertu behar dena.

2018-ko urriak 16

Ez da erreza izanen, baina baliteke Lizarrako Sugarra Gaztetxea eta Nafarroako Gobernuaren arteko negoziazioak akordio batean bukatzea. Mesfidantza badago ere, Lizarrako gazteak prest agertu dira hitz egiteko, eta Nafarroako Gobernuak pasa den astean egindako okupazioagatik egin behar zen epaiketa bertan behera utzi zuen bitartekaritza prozesu hau martxan jarri ahal izateko.

Urte asko eman ditu hutsik gaur egun Lizarrako Gaztetxea den eraikina. Orain, Nafar Gobernu eta Nasuvinsaren arduradunek eraikin horretan proiektu bat garatu nahi dutela adierazi dute: gazteentzako pisuak eta larrialdi kasuetarako 2 etxebizitza egin nahi dituzte. Gaztetxekoek ez dute sinisten urte luzez geldi egon den proiektu bat bat-batean martxan jarri dela, baina prest daude hitz egiteko. “Esaten dutenez, orain arte ez da dirurik egon proiektua aurrera eramateko eta orain, ematen du diru hori badaukatela. Pasa den urtean alokairu sozialerako etxebizitza batzuk ere egin nahi zituen Nasuvinsak, Camineros izeneko bloke batzuetan, hutsik dauden blokeetan. Esaten dute oso garesti ateratzen dela eta blokeak bota behar direla etxebizitzak berriz eraikitzeko, horregatik bota zuten atzera bere garaian proiektua. Orain dirua badaukatela esaten dute, baina ez dute inbertsioa Caminerosen egin nahi, orain inbertsioa Gaztetxean egin nahi dute”.

Hala eta guztiz ere, eraikin horretan etxe horiek egiteak ez du zertan ekarri behar Sugarra Gaztetxearen desagerpena. “Haien proposamena eraikinaren zati bat udaletxeari ematea da”, diote gazteek, udaletxeak Gaztetxearekin konbenio bat egiteko. Azpimarratu behar da Nafar Gobernua ez dela eraikin osoaren jabea, zati bat Udaletxearena delako. “Planteamendua Nafar Gobernuaren jabetza duen zati bat Gaztetxeari kendu eta etxebizitzak egitea da. Beste zatian Gaztetxeari konbenio bat sinarazi”, argitu dute gazteek.

Lizarrako Sugarra Gaztetxeak argi azaldu nahi izan dute ez dutela onartuko Nasuvinsaren proiektuak eurena baldintzatzea, eta espazio fisikoa egon badago bi proiektuentzat. Mesfidantza oso haundia da gazteen partetik, eta bitartekaritza eta konbenioa “instituzioen partetik abiatutako mugimendu kontrairaultzaile bat” dela diote. “Langile klasearen forma politiko propioak klase dominatearen parametroen baitan sartzeko mugimendua dela, beraien marko juridikora egokituz. Nahiago dutela orain arte blokeaturik eduki duten proiektu bat hastea eta diru inbertsio itzel bat egitea, guk autonomia osoz eraikin osoa kudeatzea baino, horrek suposatzen duen potentzial iraultzaileagatik”, esaten dute. Horrez gain, interes elektoralak ere ikusten dituzte mugimendu guzti hauen atzean.

Pozik agertu dira, hori bai, Lizarran dagoen etxebizitzaren inguruko egoera larria “Nafar Gobernu eta Nasuvinsaren agendan sartu” delako Gaztetxearen okupazioaren ondorioz, eta nahiz eta argi dute Lizarran eraikin publiko gehiago daudela etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, prest daude eraikinaren zati bat Nasuvinsari emateko “beti ere, gure proiektua errespetatzen den bitartean”.

“Oso adi egongo gara”, eta arrisku hori oso presente edukiko dute bitartekaritza eta akordio prozesuan. “Negoziazio mahaitik altxako gara eta espazioaren autodefentsa egingo dugu desalojo saiakera baten aurrean” ez bada bermatzen Gaztetxearen etorkizuna, aurreratu dute.

Bukatzeko, Maravillas eta Arrotxapeako gaztetxeei babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan diete. “Edozein gaztetxeren aurkako erasoa, gure aurkako erasoa ere badenez, Maravillasen desalojo saiakera berriz ematen bada ezingo dugu ezikusiarena egin eta Nafar Gobernuarekin ezer gertatu ez balitz bezala jokatu”, esan dute.

Gehiago