Lizarrako gaztetxearen okupazioagatik auziperatuta dauden 3 pertsonei elkartasuna adierazi diote
Lizarrako eragile eta bizilagun talde batek agerraldi bat eskeini zuten pasa den ostiralean Lizarrako Sugarra gaztetxea babesteko eta okupazio honengatik auziperatuak dauden 3 pertsonei elkartasuna adierazteko. Nafar Gobernuari ekinbide judiziala bertan behera uztea eta gaztetxea errespetatze eskatu diote.
2018-ko urriak 3
Duela hilabete batzuk, Lizarrako Gazte Asanbladak hamar urtetik gora hutsik zeraman eraikin bat okupatu zuen Lizarrako alde zaharrean, Ospitale Zaharra bezala ezagutzen dena. Bizilagunen esanetan, espazio abandonatu honek arazo asko ekartzen zizkion auzoari: jendea lapurretara sartzen zen, droga kontuekin ibiltzera, liskarrak sortzen ziren… Orain, Sugarra proiektua martxan dago bertan, eta ordutik, arazo hauek modu agerian gutxitu dira.
Herri mugimenduko hainbat kolektiboek hartu dute parte gaztetxean eta adin eta gustu orotako pertsonei zuzenduriko jarduerak burutu izan dira: hitzaldiak, zinedebateak, antzerkiak, tailerrak, bakarlariak, pintxopoteak… Hain zuzen ere, herritik sortua den heinean herriarekin harremanak mantentzeari berebiziko garrantzia eman zioten okupazioa burutu zuten gazteek. Hasiera-hasieratik, bizilagunekin bilerak eginez edota edozein kolektibo zein norbanakorekin hitz egiteko prestutasuna adierazi dute, eta Lizarrako Udaletxekin lehenengo momentutik kontaktuan izan dira.
“Gaztetxe berriko kideek inaugurazioan erakutsi ziguten bezala, eraikina baldintza penagarrietan zegoen, abandonoaren poderioz, zikinkeriaz beteta, hautsita… eta orain arte gazteek egin duten bakarra, herriarentzat hainbat jarduera antolatzeaz gain, espazioa garbitzea izan da. Beraz, harritzekoa zaigu Nafar Gobernuak zuzenean gaztetxe berri honen desalojoa bideratzeko prozesu penala martxan jarri nahi izatea, 3 pertsonari usurpazio delituagatik 3 eta 6 hilabeteko espetxe zigorra ezartzeko eskatuz”, esan zuten Lizarrako eragile eta bizilagun talde honek pasa den ostiralean egindako agerraldian.
“Hiritarren parte-hartze alternatiboak bultzatzen dituzten mugimendu eta pertsona horiek zigortzea, gizarte antolakuntza era komunitarioan landuz gizarte libreago, justuago, berdinago eta demokratikoago bat lortzeko ametsa duten haiek zigortzea” dela azpimarratu zuten. Horregatik, arazoa bitartekaritza bidez konpontzeko deia luzatu zioten Nafar Gobernuari. Eta ildo horretan 3 pertsona hauen aurkako zigor penala alboratzea eta desalojo ez egitea eskatu zioten Gobernuari.