Lizarrako 27 pertsona deklaratzera deitu dituzte txosnen aldeko aldarrikapena egiteagatik

Eider Castañeda, Lizarrako txosnen izenean, inputazioak "desproportzionatuak" direla salatu du.

2024-ko azaroak 6

Iturria: Euskalerria Irratia

Lizarran udaltzaingoak 27 gazte deitu ditu deklaratzera herriko festetan “desordena publikoak” sortu zituztelakoan. Txosna gunea eta zenbait peñen barra gunea herrigunetik aldendu nahi izan zituen UPNko alkate Marta Ruiz de Aldak eta protesta egin zuten Puy-ko jaitsialdiaren ekimenean. “Izua sortu nahi dute gazteen artean, baina ez dute lortuko. Larunbatean elkarretaratzea eginen dugu egoera hau salatzeko”, azaldu du Eider Castañeda txosna guneetako kideak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa batean. 

Desordena publikoak ikertzen ari omen da udaltzaingoa Lizarran aurtengo festetan Puy-ren jaitsialdian izandako “istiluengatik”. “Ulergaitza” egin zaie txosnetako kideei: “Antolatu gabeko protesta izan zen”, azaldu du Eider Castañeda txosna guneko kideetako batek. “Desproportzionatua iruditzen zaigu gertatzen ari den guztia”, salatui du. 27 lagun deitzen ari dira deklaratzera eta desordena publikoak sortu izana egozten diete. “Gazteen artean izua sortzeko prozesua” martxan dela iruditzen zaie. Batzarra egin zuten atzo txosnetako kideek eta egoera salatzeaz gainera mobilizazioak ere iragarri dituzte: Lizarran, elkarretaratzea eginen dute larunbatean 19:00etan udaletxearen aurrean.

Gehiago