Liburuxka bete proiektu, alternatibak eraikitzeko prest
"Gu geu gara alternatiba" lelopean Barañainen aurkezturiko autogestio proiektuak herri eta auzoetan martxan jartzeko gogoz itzuli dira gazteak. Liburuxka batean batu dituzte proiektu guztiak.
2016-ko abenduak 12
Larunbateko eztabaidetan adosturiko proiektuak igandean aurkeztu eta herri eta auzoetan martxan jartzeko prest itzuli dira gazteak auzo eta herrietara. Goizean goiz, bestondoa lagun, topaketen balorazioa egin dute gazteek, ildoka. Lagunak-eko frontoira hurbildu dira eguerdirako, ekitaldi nagusirako.
Ekitaldian ildo bakoitzeko proiektuak aurkeztu dituzte gazteek, banan bana. Hemendik aurrera erabiliko duten leloa ere zabaldu dute, gazte sortzaile batzuek asteburuan zehar margotutako horma-irudi baten gainean: “Gu geu gara alternatiba”.
Asteburuan eztabaidaturiko proiektuak liburuxka batean bildu dituzte, baina ez apaletan gordetzeko: herri eta auzoetara eraman eta alternatibak sortzeko apustua egin dute hemendik aurrera.