Lemoan ospatuko da Gazte Topagunea

Apirilaren 19tik 22ra ospatuko da, Ernaik eta Aitzinak antolatutako Gazte topagunea: “Badator 40 urte eder eta borrokalarien uzta bilduz, gazteria independentista, euskaldun, sozialista eta feministon topagune erraldoia”. Lau egunez Lemoako herria “aldarri, borroka, kolore, bizipoz eta doinuz” beteko dutela adierazi dute gazte antolakundeetako kideek.

2018-ko azaroak 22

“Askatasun bulkadak independentziara!”, izango da Topagunearen leloa, azaldu dutenez, “gazteen garaia delako, bulkada berriena”. 40 urteotako borrokaren lekukoa jaso dutela adierazi dute eta herriarenganako konpromisoz, eskuzabaltasunez eta maitasunez Euskal Errepublikaren “zimenduak” eraikitzen ari direla: “Gazteok zerumuga argi daukagu eta hamaika esparrutan sumatzen da bizi-bizirik gaudela: mugimendu feministatik hasi eta euskalgintzara; prekarietatearen aurkako borroketatik hezkuntza propioaren aldeko dinamiketara; sexu askatasunaren aldeko borroketatik, preso, iheslari eta deportatu politikoen kaleratzera. Sormena lanabes, ehunka borroka elkarlotu eta elikatzen ditugu, aske izan nahi dugulako, bizirik dagoen Euskal Herri librean”.

Aurtengo Gazte Topagunea inoizko bereziena eta ahaztezinena izango dela ere aipatu dute, Gazte Topaguneak eskaintza anitz eta zabala izango duelako. Hitzaldiak, mahai inguruak, mintegiak, formakuntza tailerrak, kirola eta aisialdirako mugarik gabeko eskaintza prestatu dute. Horrez gain, Euskal Herriko nahiz nazioarteko musika talde desberdinek parte hartuko dute eta oraindik zabaldu ez dituzten beste hainbat kontu ere badituzte esku artean.

Berezitasun bezala, Gazte Topagunean Gazte Sortzaileen Plaza egongo da Topagunean, era askotariko diziplina kulturalei tokia uzten:, musikagintza,bertsolaritza, idazketa, marrazkigintza…. Erakusketa espazio, eztabaida gune eta hausnarketarako eremua sortzeko asmoa erakutsi dute, gazte desberdinen artean, Euskal Herria “kulturatik eraikitze bidean” pausuak emateko.

Bide batez, Ernaik eta Aitzinak gonbidapena luzatu nahi izan diete berrogei urte hauetan Euskal Herriaren “bidelagun” izan direnei eta aurrera begira bidean elkartuko direnei ere bai.

“Hau guztia ez da ezerezetik eraikitzen, ordea. Auzolana eta autogestioa izan dira eta dira gure borrokaren hauspo”, gehitu dute eta aurtengoan, lehen aldiz, auzolan egun bateratuak izango dituztela azaldu dute: “Gazte zein ez hain gazte, auzolanera batuz bulkadatxoa emateko gonbidapena irekita dago”.

Bonoak salgai daude Euskal Herriko eskualde guztietan eta informazio gehiago dago Gazte Topaguneko webgunean.

Gehiago