Lekunberrin Goardia Zibilak alde egin dezala eskatzeko manifestazioa eginen dute larunbata honetan
Manifestazioa apirilaren 26ean Lekunberriko Herriko Plazatik abiatuko da arratsaldeko 17:30ean "Bakean bizi nahi dugulako, utz gaitzazue bakean!" lelopean.
2014-ko apirilak 24
Goardia Zibila Lekunberrin "herritarren aurkako jazarpena" salatzeko manifestazioa egingo dute datorren larunbatean apirilak 26. Lekunberriko herritar talde batek deituta, manifestazio honekin egunero ematen diren kontrolak eta isunak salatu nahi dituzte.
Azkenaldian, gainera, "asko gogortu dute" jardun modua, deitzaileek esaten dutenaren arabera. "Zertara dator orain errepresio hau? Arrazoi ekonomikoak aipatzen dira, baina badakigu ez dela hori bakarrik, eta arrazoi politikoak ere badirela tartean", esaten dute. "Ez da kasualitatea Nafarroako beste herri batzuetan ere izaten ari diren jarrera oldarkorra (Leitza, Gares, Lizarra…). Izan ere, gure herriak bakearen eta normalizazioaren alde egin duen honetan, batzuk ez dira eroso sentitzen", aipatzen dute.
Pasaden larunbatean, apirilaren 19an, manifestaziorako deialdia egin zenean pankarta ateratzeagatik, 2 pertsona identifikatu zituztela salatu dute. "Salatu nahi dugu beren jarrera, eta gure herritik alde egiteko eskatu. Gaur egun bizi dugun egoera politiko eta ekonomiko honetan ez duelako zentzurik polizien eta militarren eredu honi gurean eusteak".
Manifestazioa apirilaren 26ean Lekunberriko Herriko Plazatik abiatuko da arratsaldeko 17:30ean "Bakean bizi nahi dugulako, utz gaitzazue bakean!" lelopean.